Berriz ere Egian eskalatzen
Xabier Mendi taldeak aspalditik du rokodromo txiki bat Egian. Mendizaletasuna sustatu asmoz sortu zen proiektua, eta egun, eskalada du oinarri. Hiru urteko lanen ondoren, azkenean, badute boulder berri bat.
Pozik daude Xabier mendi taldeko kideak. Eta ez da gutxiagorako. Joan den abenduan, kasik hiru urteko etenaldiaren ostean, boulder berria estreinatu dute, lokal berri batean. Egiako Blas de Otero Plazan dago, Udal Artxiboa dagoen tokian, Egia Bizirik auzo elkartearen eta Trebeska dantza taldearen lokalen alboan. Irati Altube (Egia, 1984) zuzendaritzako kidea da, eta berak azaldu digu azken urteotako bilakaera zein izan den. Hasi aurretik, pozarren aurkeztu digu boulderreko paretarik bereziena: “Moonboard enpresako pareta honetan, LED teknologiarekin argitzen dira presak, eta mundu osoko erabiltzaileen artean sortzen goaz bideak. Oso dibertigarria da”.
Gainontzeko boulder edo rokodromoa normala da: “Sokarik ez dugu erabiltzen; erresistentzia lantzeko trabesiak dira”. Bloke bideak ez dira markatzen, hori ere aplikazio baten bidez zer egin den markatu daiteke, besteek bide bera errepikatu nahi izatekotan.
Xabier mendi taldea 1976tik
1976 inguruan, Maria Reina eskolaren bidez, apaiz batek sortu zuen Xabier mendi taldea. Handik gutxira sortu zuten dantza talde bat, hori ere Xabier izenarekin. Gutxira, ordea, izena aldatu, eta Trebeska Dantza Taldea izena hartu zuen. “Auzoko umeengan mendizaletasuna sustatzeko lan handia egin zuen apaiz hark”, kontatu du Altubek.
1990eko hamarkadaren inguruan, lokal bat edukitzea lortu zuen Trebeskak, eta mendi taldeko batzuk, dantza taldekoak ere bazirenak, leku bat eskatu zuten, boulder bat eraikitzeko. Ordutik han egon da Egiako rokodromoa, ia 30 urtez.
2017an, Donostiako Udalak abisua eman zien lokala utzi beharko zutela jakinaraziz. Hasiera batean, Zuhaiztin leku bat utziko zietela agindu zuten, baina lokalaren baldintzak ez omen zien egokiak, eta udalak lokal hau eskaini zien. 2019an hasi ziren obrak eta 2022ko otsailean amaitu ziren. Orduan hasi ziren, hain zuzen, rokodromoa eraikitzeko lanak.
60 bazkide helburu
Hiru urte horietan, bazkide berriak behar ziren. Ordura arte, 50 bat bazkide ziren, baina lokalaren gastuei aurre egiteko, 60 bat beharko liratekeela aurreikusi zuten. “Egun, 55 bazkide gara, eta apur bat larri gabiltza”, dio Altubek.
“Batzar Nagusi batean, bazkide bakoitzak 1.300 euro inguru jarri beharko genituzkeela erabaki zen: hainbat ordain partetan. Urteko kuota 100 eurokoa da orain, eta 60 bazkidera heltzen bagara, espero dugu berriz ere 50 eurora jaistea urteko kuota”, azaldu du Altubek.
“Epe erdi edo luzera begiratu beharreko proiektua da honakoa. Oso garestia dirudien arren, beste rokodromoetan urtean ordaintzen duzunarekin alderatuta, ez da hainbeste. Izan ere, zortzi urtean amortizatuta dagoela dio bazkide batek”, argitu du Altubek. “Akaso Donostian urte gutxirako bazaude, ez da egokiena, baina zure kirola dela argi baduzu, hau da zure tokia”, gehitu du.
Bazkideen profilari begiratuta, 40-50 urte ingurukoak dira erdiak, “kasik hasieratik dauden bazkideak. Gainera, gehienek seme-alabak dituzte, eta askotan haurrekin etortzen dira”.
Inaugurazio festa buruan
Lehendik bazkideak zirenentzat “luze egin da” itxarotea. Kasik hiru urte egon baita itxita, eta gehienek beste toki bat bilatu behar izan dute. “Ilusioarekin” hartu dute irekiera, eta, nahiz eta oraindik ez duten inaugurazio festarik egin, “buruan dutela” onartu du Altubek.
Aurrera begira, mendizaletasuna sustatzeko filosofia, irteerak egiten hastea da asmoa, eta auzora zabaltzea: “Lehen begi bistan zegoen, baina orain, auzotar askok ez dakite hemen gaudenik”.
Baina batzuk ateratzeagatik, orain “askoz kontrolatuagoak” daudela dio Altubek, Udal Artxiboa hemen dagoelako: “30 txartel besterik ez ditugu hemen sartzeko, 55 bazkideentzat”. Bestalde, dutxetan soilik ur beroa dago, eta ezin dira dutxatu erre egiten duelako. Gainera, udalak “entzungor” egiten die.
Beti daude zer hobetuak, edonola ere, espazio ederra eraiki dute Atotxaren magalean; mendiaz ez, baina arrokaz disfrutatzearen antzekoena da, eta auzoaren bihotzean.e