Bi lagun, ezezagun bat eta izaki misteriotsu baten konpainia
El Mono Habitado konpainiak ‘Lurtarrok/Terrícolas’ antzezlana aurkeztuko du Dferia arte eszenikoen jaialdian. Euskarazko bertsioa hilaren 13an eskainiko dute, eta gaztelaniazkoa 14an. Bi emanaldiak Intxaurrondoko kultur etxean izango dira.
Satur eta Martin dira ‘Lurtarrok’ antzezlaneko bi protagonistak. (Argazkia: La Caja Gris) Satur eta Martin lagunek auto istripu bat izan dute. Objektu hegalari ezezagun baten aurka jo eta noraezean geratu dira. Ondoan dagoen baso distopiko batean barneratzea erabakitzen dute, eta hara non topatzen duten objektu hegalaria. Ontziaren aurrean adimen handiagoa duen izaki bat dago. Une horretan, beraien adimena eta unibertsoan duten lekua zalantzan jarriko dute. Gainera, Letizia brasildarra agertuko da bi lagunak laguntzeko asmoarekin. Hiru gizakiak eta izakia basoan isolatuta eta estaldurarik gabe daude, eta gau oso bat izango dute hausnartzeko. Hori da Lurtarrok/Terrícolas antzezlanaren abiapuntua, eta gizakien arteko harremanetan oinarriturikoa da.
El Mono Habitado konpainiaren «erronka arriskatuena» dela aitortu du Raul Caminok. 2017an Gasteizen sortu zuen konpainia Begoña Martin Treviñorekin batera. Biak Valladolidekoak (Espainia) dira, baina Euskal Herrira etorri ziren duela hamalau urte. Iritsi eta berehala hasi ziren euskara ikasten, eta Lurtarrok da konpainiaren euskarazko lehenengo antzezlan luzea. Gasteizen estreinatu ondoren, Donostiako Dferia jaialdian aurkeztuko dute. Hilaren 13an Lurtarrok antzezlana egingo dute Intxaurrondoko kultur etxean, 18:30ean. Biharamunean, 09:00etan eta leku berean, Terrícolas eskainiko dute.
«Euskarazko izenburua eta espresio batzuk gehiago gustatzen zait» aitortu du Caminok. Berak idatzi du istorioa gaztelaniaz, eta Asis Iriondok euskaratu du. «Plazer hutsa izan da euskarazko bertsioa prestatzea, eta egindako esfortzua sekulakoa izan da. Donostian antzezlanak harrera ona izatea gustatuko litzaiguke», azaldu du Caminok.
Istorioaren idazlea ez ezik, aktore taldeko kidea ere bada, Begoña Martin Treviñorekin eta Aitor Perezekin batera. Caminok Saturren rola jokatzen du, Martinek Letiziarena eta Perezek Martinena. «Begoña eta biontzako berezia da Lurtarrok taularatzea. Batez ere, aktore gisa erronka handia delako guretzat», nabarmendu du Caminok.
Gizateriaren jatorria
El Mono Habitado konpainiak pertsonen arteko harremanei buruz hitz egitea gustuko du, «baina ezohiko istorioekin». Benditas laneko protagonistak ama birjina ikusten duten bi emakume artzain dira, eta Ave Oso antzezlanak mesias baten guraso diren bi gayren ibilerak ditu oinarri. Lurtarrok ere ildo berekoa dela uste du Caminok: «Lagunak diren bi gizonezkoen harremana kontatu nahi nuen, baina testuinguru berezi batean. Estralurtar batekin topo egiten dute, eta horrek zalantza asko sortuko dizkie. Beraiek nortzuk diren eta beste zibilizaziorik ba ote den galdetuko diete euren buruei. Gizateriaren jatorriari buruzko saiakera bat da».
Obran azaltzen den izaki misteriotsua estralurtarra izanik ere, ez da estralurtarrei buruzko antzezlana. «Hasieran eta bukaeran estralurtarrarekin topo egiten dute, baina aitzakia bat baino ez da. Hau da, gizakien arteko harremana da oinarria. Bi gizonek arazoak dituzte euren sentimenduei buruz hitz egiteko, eta emakumea ezinbestekoa izango da arazo horri aurre egiteko», azaldu du Caminok.
Azken batean, Lurtarrok antzezlanaren helburua bikoitza dela dio Caminok: «Antzokitik ateratzean ikus-entzuleek gizateriaren jatorriaz eta egon daitezkeen beste zibilizazioez gogoeta egitea gustatuko litzaiguke».


