Borroka guztiak ostadarraren banderan
Joan den astean zendu zen Mikel Martin Conde 'Mikela' ekintzailea, 68 urterekin. Errenteriarra zen arren, Donostiako askapen sexualeko mobilizazio guzti-guztietan hartzen zuen parte. EHGAMeko kidearen ekimenez egin zen lehen aldiz Ekainaren 28ko manifestazioa Donostian, 1979an. Ez zion sekula parte hartzeari utzi.
AEBetako poliziak sarekada egin zuen LGTBI+ komunitatearen aurka, eta eraso horri erantzunez, matxinada eta istiluak sortu ziren. 1969ko ekainaren 28a zen, eta Stonewalleko istiluak ziren horiek, LGTBI+ borrokan mugarria. Gurean, lehen aldiz, 1979an ospatu zen LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna. “Gure Stonewall txikia” ez zen kasualitatez izan, hil berri den Mikel Martin Conde ekintzaile LGTBIak sustatu zuen.
Hala oroitu du bizi osoko lagun eta militantzia kide izan zuen Julen Zabalak: “EHGAM 1979ko urtarrilean sortu zen Gipuzkoan. Jende nahikotxo ibiltzen ginen hor inguruan. Mikel agertu eta desagertu egiten zen, baina nik Francisena gertatu zenean oroitzen dut”. Vicente Vadillo Santamaria Francis, Errenteriako trabesti bat zen, 1979ko ekainaren 10ean polizia batek tiroz erail zuena. “E-28a antolatu nahi genuen, baina ez ginen gai ikusten, ez zegoen indar nahikorik. Ekainaren 10ean Francisena gertatu zenean, Mikelek iniziatiba hartu zuen, eta berak jarri zuen dena martxan”.
Honela, Donostian, lehen aldiz, LGTBI ikusgarritasuna zuen manifestazioa antolatu zuten: “Ekainaren 12a lehen harrotasun eguna izan zen guretzat”.
Lehen harrotasunak babes zabala izan zuen
Oso bestelakoak ziren garaiak orduan, baina manifestazio hura jendetsua izan zen, eta babes handia izan zuen. Zabalak gogoan du “egoeraren berezitasunagatik izan zela honela”. Izan ere, aurreko astean, Guardia Zibilak Gladys del Estal Egiako ekologista hil zuen, eta giroa “bero-bero” zegoen.
Harremana ez zen erraza gainontzeko eragileekin. “Guk beti babesten genituen nuklearren kontrako borroka eta besteak, baina gainontzekoek gu babestea ez zen hain erreza izaten”, azaldu du Zabalak. “Garai hartan feminismoarekin bezala gertatzen zen: ez zen lehentasunezkoa. ‘Iristen denean askatasuna, orduan bai, etorriko da zuen askapena’, esaten ziguten”.
Komunista bat EHGAMen
Martinen lana “funtsezkoa izan zen borroken arteko loturan”. Euskadiko Mugimendu Komunistako kidea zen (EMK), eta borroka guztien artean zubiak eraikitzen saiatzen zen. Egun, EH Bildun parte hartzen zuen, EHGAMez gain: “1980ko hamarkadan EMK-ko kidea zen, eta hortik, 1991n Zutik zuten; hauek desagertzean, Gorripidea sortu zuten eta, bertatik, Alternatiba; Alternatibakoak EH Bildun sartu ziren. Hau da: Mikel beti mantendu zen postura berean”.
Zabalak azaldu duenez, “Mikelek amaiera arte izan zuen militantzia bikoitza, alderdien barruan ere eragin behar zela uste zuelako. Hala ere, min handia egiten zion bere aldekoak boterera heltzen zirenean izaten zuten jarrera. Trans Legearengatik oso pozik zegoen, baina feminismo instituzionalean dagoen transfobiarekin kezkatuta zegoen. Min horrekin joan da”.
Aktibista klasikoaren alde batzuk zituela ikusten du Zabalak: “Kartelak jartzea ikusgarritasuna zen Mikelentzat, eta denok inplikatzea bilatzen zuen”. Militantzia klasiko horretan geratu zitezkeen, baina queer teoriak eta trans borroka Euskal Herrira iristean, gogo biziz hartu zuten: “Guzti hori berria zen guretzat, azken urteetako leherketa izan da. Medeak taldearekin ireki zitzaigun ordura arte genuen askatasun sexualaren ikuspegia. Mikelek beste askok egindakoa egin zezakeen: ‘Ni nirera, betiko aldarrikapenetara’. Baina ez; modu oso indartsuan eguneratu zen, eta bere borroka bihurtu zituen”.
EHGAM zuriketa arrosaren kontra
Instituzionalizatuagoak diren mugimenduetatik urrun egon da EHGAM eta erakundeen zuriketa arrosa salatu izan dute. Hasieran, gainera, Harro kontzeptua oso gaizki ikusia zuten: “Guretzat askatasun sexuala zen aldarrikapena. Ostadarraren banderarekin berdin, hasieran gayfriendly komertzioek erabiltzen zuten, erabat despolitizatuak; guk hiruki arrosa erabiltzen genuen, naziek homosexualei jartzen zieten ikurra”. Urteekin irudiez birjabetu dira, baina ikuspegi globalarekin jarraitu zuen EHGAMek.
Erakundeekin izandako gorabehera bat ekarri du Zabalak. 1981ean jardunaldi batzuk antolatzen zituztela eta, aldundiak diru laguntza batzuk emango zizkiela agindu zien. Ordea, garaiko EAJko ahaldun nagusi Xabier Aizarnak ez zuen sinatu nahi izan. Honela esan omen zuen: “Marikoiei ez diet ezer emango; soilik Lourdesera bidaia ordainduko diet, sendatu daitezen”. Zabalak argi du: “Garai horretan EAJ UCD baino askoz okerragoa zen. EHGAMen legalizazioaren kontra agertu ziren behin eta berriz”.
Protestaldia egin zuten orduan ere EHGAMekoek, Martin buru zutela, itxialdia eginez diputazioan. “Espainiako Poliziari deitu zion Aizarnak, garaian Ertzaintzarik ere ez zen eta, hor zeuden marikak kaleratzeko. Oso harro gogoratzen zituen Mikelek garai horrek”.
2005ean, erasoa
Ezaguna da 2005ean hainbat militarrek Martini egindako eraso bortitza. Egunotan, bere heriotzaren berri izandakoan, gai honen inguruan hedabideek izandako jarrera kritikatu du Zabalak: “Harremanetan gaude hainbatekin, Mikelen argazki desfiguratua berriro ez argitaratzeko”.
Azaldu duenez, Martinek ez zuen bere kontrako eraso gisa hartzen. Honela azaldu du Zabalak: “EHGAMen bilera izan genuen Donostian, eta normalean, gero afaltzera joaten ginen. Egun horretan ez nuen gogo handirik eta etxera itzuli nintzen. Mikelek berdin afaldu zuen, eta zerbait hartzera joan zenean egin zioten eraso. Ba, ikusi nola diren gauzak; biharamunean ospitaletik deitu zidan, eta bilerako gaiak errepasatzen aritu zitzaidan: ‘Egin ezazu kartel hau, deitu honi, deitu besteari…’. Eta ordu erdi pasatzerakoan, gaizki zegoela ohartuta, nik galdetu nion ea zer edo zer gertatzen zitzaion, eta denbora baten ostean, kontatu zidan erasoarena. Berak ez zuen horri buruz hitz egitea nahi”.
Beste adibide bat: “Francisen epaiketa izan zenean, 1983 inguruan, EHGAMeko kide batzuen kontrako erasoak izan ziren Errenterian. Santamaria elizan itxialdi bat egin genuen. Garai horretan, Iparraldean ere hainbat eraso izan ziren, talde parapolizialen eskutik. Mikelek eraso horiek gehiago oroitzen zituen: besteei egindako erasoengatik gehiago larritzen zen berari egindakoez baino”.
1980ko hamarkadatik, GIBduna
Bilbora bizitzera joan zen 1980ko hamarkadan, eta, han, Txomin Barullo tabernan egin zuen lan. “Oso garai bizia zen berarentzat”. GIBa harrapatu zuen han.
1980ko hamarkadaren amaieran infektatu zirenei hilabete gutxiko bizi muga ematen zieten. Tratamendu berriak atera ziren, eta, zorionez, salbatzea lortu zuten. “Oso-oso gaizki egon zen, gurpildun aulkian, eta benetan hil zorian. Pentsa, orain, minbiziarekin zegoenean, bere anaiak esaten zuen, ‘ez da ezer, oso ondo dago’. Benetan gaizki egon zelako garai horretan!”.
Hortik aurrera bizi zuen denbora, “bizitzaren opari bat izan zen”, eta, horregatik, aprobetxatu behar zuela sentitzen zuen: “Borrokarekin konpromisoan, mundu hobe baten aldeko borrokan”.
Inork baino hobeto gorpuztu zuen Mikelak intersekzionalitatea, “hitza bera existitu aurretik”.
SOS Arrazakeriak udaberrian Pasaiatik Donostiara egiten duen mobilizazioan beti egon da ostadar bandera bat: “Mikel zen. Leku guztietara eramaten zuen. Presoen aldeko mobilizazioetara, borroka ekologistara, internazionalistara, eta behar zen guztietara”. Aurten, ziur du Zabalak, beste norbaitek altxatuko duela harrotasunez Mikelaren bandera. Hark emandako ereduz, eta omenez.