Marrutxipiko lotunearen lanek zirkulazio afekzioak eragingo dituzte udan
Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspenaren arabera, obra 2024ko bigarren erdialderako egongo da bukatuta.
Donostiako saihesbidean (GI-20) Marrutxipiko lotune berria eraikitzeko lanak aurrera doaz. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak prentsa agerraldia egin dute lekuan bertan, gaur eguerdian. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eta Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak parte hartu dute.
Lanak iazko maiatzean hasi ziren, eta jakinarazi dutenez, dagoeneko lehen etapa gainditu dute: kolektore berriak jarri dituzte, eta saneamendu orokorreko lanak egin dituzte udalari dagokion zatian. Horiek horrela, 24 hilabeteko hasierako exekuzio epea bete ahal izango dutela dio aldundiak, eta datorren urteko bigarren seihilekorako sarbidea erabilgarri egongo dela.
Horrekin batera, aurreratu dute udan lanen etapa konplexuena abiatuko dutela. Ondorioz, zirkulazioan afekzioak egongo direla adierazi dute. Lotunea egin ahal izateko, saihesbideko zirkulazioa guztia Irungo noranzkoaren aldera eramango dute. Errepidearen zati horretan lau errei jarriko dituzte joan-etorrietarako, bi errei norabide bakoitzarentzat.
Lotunearen ezaugarriak
Hiriburuko ekialdeko sarrera-irteeren trafikoa “deskargatzeko” balioko duen Marrutxipiko lotunea, Polloe eta Intxaurrondoko tunelen artean (saihesbidearen zatian) eta Dbuseko kotxetegien (Intxaurrondo auzoan) inguruan kokatuko dute.
Aldundiaren arabera, lotura berriak, berrantolaketa baten bidez, “nabarmen arinduko du” zonalde batzuen zirkulazio motela: “Zehazki, Karlos I.a kaleko eta Loiolako Erriberako sarreretatik datozen eta hiriaren ekialderantz jo nahi duten ibilgailuena, Gros eta Egia auzoetara sartzeko. Horrek eragina izango du Urumea ibaiaren pasealekuko trafikoaren hobekuntzan eta Intxaurrondoko sarrera-irteeretan ere. Ondorioz, Frantzia Pasealekutik ateratzen diren ibilgailuen kopurua murriztea ere lortuko da”.
Eneko Goia alkatearen iritziz, “hiriko mugikortasunaren eskemarako eta antolamendurako funtsezko pieza den proiektu baten aurrean gaude”. Alkateak gaineratu du lotunea egiterakoak “garrantzitsuak diren guneetako zirkulazioak nabarmen hobetzea lortuko dela, Gros eta Egia auzoetara doazen ibilgailuei sarrera eta irteera ahalbidetuz, Erdialdera sartu beharrik gabe”.
Lehen zatia bukatzear
Mons pasealekuaren eta Fernando Sasiain kalearen artean –Dbuseko kotxetegiaren ondoan– dauden kolektore berrien instalazioa bukatzen ari dira. Horrela, udal eremuko lanak bukatzear daude. Hala ere, saihesbideari berari dagozkion obrak dira konplexuenak, lurraren ezaugarri geometriko eta geoteknikoak direla eta.
Azken asteotan, lehenengo hormako lehen mikropiloteak instalatzeko zulaketa lanak hasi dituzte. Era berean, lurra egokitzeko eta bide berria eraikitzeko, bazterbidea sendotu behar izan da, plataforma desbideraketa egin ondoren, errepidearen zati horretatik igarotzen den trafikoa jasateko gai izateko.
“Beharrezkoa izan da obrak egiteko zuhaitzak moztea. Galera hau, eraikuntzaren azken etapan, ingurumena lehengoratzeko esku-hartze batekin konpentsatuko da. Horrela, 350 zuhaitz berri landatuko dira, gehienak Intxaurrondo inguruan, hainbat espezierekin: haritzak, lizarrak, astigarrak, urkiak, magnolioak, gereziondoak, gorostiak, arantzak eta hurritzak, besteak beste”, azaldu du Oiarbidek.