Sei finaletako lehena jokatuko du Ibaeta Basketek
Emakumezkoen saskibaloi liga bukatzeko sei jardunaldi falta dira, eta Ibaeta Basketek azken txanpa baliatu beharko du sailkapeneko zulotik ateratzeko. Hain zuzen ere, Tenerife azken sailkatuaren kontra jokatuko dute igandean (20:00). Azken porrota ahazteko ezinbestekoa dute irabaztea.
Belar hockeyan, bueltan da emakumezkoen ohorezko maila. Realak Terrassaren zelai zailean jokatuko du igandean (12:00). Ligako geldialdira seigarren postuan iritsi ziren 16 punturekin. Hiru gutxiago ditu Terrassak, eta, beraz, beraiekiko abantaila areagotzeko aukera ona izango dute. Etenaren aurreko sentsazio onak badituzte, irabazteko aukerak izango dituzte.
Izotz hockeyan, berriz, Txuri Urdineko neskek denboraldiko azken partida jokatuko dute bihar Iruñean. Kopako final-laurdenetako hirugarren eta azken norgehiagokan Huarte etxeko taldea izango dute aurrez aurre. Kanporaketako beste bi partidak galduta ez dute aukerarik aurrera egiteko, baina ondo legoke sasoia garaipen batekin amaitzea. Neguko kirolekin jarraituz, Txuri Berri curling taldeko neskek eta mutilek Espainiako txapelketa jokatuko dute Jacan, gaurtik igandera bitartean. Finalerdietan neskek Harrikadaren kontra jokatuko dute, eta mutilek Sporting l’Ollaren aurka.
Futbolean, Realeko neskek eta mutilek azken galerak atzean utzi nahiko dituzte. Neskek Atletico Madrilen kontra galdu zuten etxean, eta denboraldian zehar erakutsitako ezinaren ondorioa izan zen. Betisen zelaian ariko dira bihar (16:00). Mutilek, berriz, Europa ligako final-zortzirenetako joanekoa galdu zuten atzo Erromaren zelaian (2-0), baina ligak ez du etenik. Beraiek ere etxetik kanpo jokatuko dute, oraingoan, Mallorcari egingo diote bisita igandean (14:00).
PARTIDAK
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 25. jardunaldia
- Tenerife – Ibaeta Basket (igandea, 20:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 12. jardunaldia
- Terrassa – Reala (igandea, 12:00)
Izotz hockeya
Emakumezkoen kopako final-laurdenak, hirugarren jardunaldia
- Huarte – Txuri Urdin (larunbata, 14:35)
Futbola
Emakumezkoen liga, 21. jardunaldia
- Betis – Reala (larunbata, 16:00)
Gizonezkoen liga, 25. jardunaldia
- Mallorca – Reala (igandea, 14:00)