Belartzan industrialde handi bat baimentzeko urratsa egin du udal gobernuak
Isurketa ilegala egin zen lursail naturalean logistika zentro handi bat eraikiko dute, besteak beste.
Donostiako Udal Gobernuak behin-behineko onarpena eman dio Añorgako Belartza Goikoa eremuko plan partzialari. “Industria erabilerako lursailen multzo bereiz gabea definituko da, beste jarduera erabilera batzuen ezarpenarekin”, azaldu dute. Eremu horretan 83.894 metro koadroko eraikigarritasuna antolatuko dela gaineratu dute.
Hedabide honek otsaila hasieran adierazi zuen Hirigintza Sailak logistika zentro handi bat baimendu nahi zuela Belartza Goikoan. Horretarako, plan partzial bat onartu behar zuen udal gobernuak, eta iritsi da eguna. Tokiko Gobernu Batzordean onarturiko ebazpenaren arabera, plan partzialari aurkezturiko alegazio guztiak baztertu dituzte aurrera egiteko.
Udalak plan partzialaren xehetasunik eman ez badu ere, 102.395 metro koadroko logistika zentro bat eraikitzea aurreikusten du. Horrekin batera, zortzi solairuko hotel bat, gasolindegi bat, ostalaritzarako lursail bat, aparkaleku bat eta logistikarako bi pabiloi (32.000 eta 14.000 metro koadrokoak).
EjePrime atariak Belartza Goikoan eraiki nahi duten gune logistiko handiaren inguruko xehetasun gehiago eman ditu. Zehazki, Belgikako VPG eraikuntza enpresak 35.000 metroko zentro logistiko bat garatzeko asmoa du Belartza Goikoan. VUSA eraikuntza enpresarekin akordio batera iritsi direla jakinarazi du aipaturiko hedabideak.
Isurketa ilegala
EAEko Auzitegi Nagusiak 2019ko ekainean ebatzi zuen Belartzan 2016an egindako isurketa ilegala zela. Haritzalde Naturzaleen Elkarteak jarri zuen helegitea, eta auzitegiak arrazoia eman zion. Gainera, Valeriano Urrutikoetxea (VUSA) harri betelan ilegalaren enpresa arduraduna eta udala zigortu zituen. Bata isurketa egiteagatik, eta, bestea, isurketa hori egiteko baimena emateagatik.
Era berean, eremua lehengoratu behar zela ebatzi zuen auzitegiak, baina harri gehienek leku berean jarraitzen dute. “Lau urteren ondoren, eta epaitegiak galdegin badu ere, udalak ez du subsidiarioki isuria eratorri eta sustatzaileek erator ez dezaten onartzen du, hitzemate huts soil bihurtuz bere esku-hartzea”, adierazi du Haritzaldek.