Belartzako harriak Marrutxipiko lotuneko lanetan erabiliko dituzte
2016an VUSA enpresak egindako eta Donostiako Udalak baimenduriko isurketa ilegalak Añorgako berdegunea hondatu zuen.
EAEko Auzitegi Nagusiak 2019ko ekainean ebatzi zuen ilegala zela Añorgako Belartza Goikoa eremuko harri pilaketa. Gainera, Valeriano Urrutikoetxea (VUSA) eraikuntza enpresa eta Donostiako Udala zigortu zituen. Lehena isurketa egiteagatik, eta, bigarrena, isurketa hori egiteko baimena emateagatik. Zazpi urteren ondoren, harriak erretiratzeko moduaren berri izan du hedabide honek.
Iazko abenduan, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak adierazi zuen 65.000 metro kubikoko harri multzoa beste obra batean erabiliko zuela VUSAk. Udaleko iturrien arabera, harriak Marrutxipiko lotuneko lanek behar dituzten betelanak egiteko erabiliko dituzte.
EAEko Auzitegi Nagusiak udala eta enpresa zigortu zituenetik, harrien aferak hainbat kapitulu izan ditu. Udalak harriak modu subsidiarioan erretiratuko zituela iragarri zuen, eta lizitazio prozesu bat abiatu zuen. 1,2 milioi euroko kontratu bat adjudikatzeko asmoaren berri eman zuten, baina ez zuten aurrera egin. Udalak lizitazioa etetea erabaki zuen VUSAk harriak erretiratzeko borondatea erakutsi zuelako. Urte hasieran VUSAk harri gutxi batzuk kendu zituen Belartza Goikoa eremutik.