'Simpsondarrak' filma bikoiztu du Ander Torregarai donostiarrak
The Simpsons Movie filmaren euskarazko bertsioa bikoiztu du Ander Torregarai donostiarrak. Simpsondarrak izena jarri dio, eta berak egin ditu pertsonaia guztien ahotsak; originalean, aldiz, sei aktoreren artean egin zituzten ahotsak.
Torregaraik Berria egunkariari azaldu dionez, ondo pasatzeko hasi zen bikoizketan: “Nire etxean memeak eta gauzak egin ahal izateko eta ondo pasatzeko”. Edonola ere, adierazi ez zuela bikoizle bihurtzeko asmorik, eta beste zale batzuek egiten dituzten parodiak ikusita sartu zitzaiola gauza bera egiteko gogoa.
2007ko uztailean estreinatu zuten The Simpsons Movie filma. Telesailaren sortzaile Matt Groening bera aritu zen gidoia egiten, besteak beste. 75 milioi euro kostatu zitzaien filma egitea, baina 500 milioi baino gehiago bildu zituzten zinemetan.
Filmak 87 minutu irauten du, eta donostiarrari 20 minutu inguru falta zaizkio euskarazko bertsioa bukatzeko. “Bukatu ondoren filma osorik ikusi, eta gustatzen ez zaizkidan gauzak berriz bikoiztuko ditut”, azaldu dio Berriari.
Estreinaldia Twich sare sozialean egitea aurreikusten du, eta gero euskal-encodings.eus gunean jartzea.