Crossover telesailen jaialdiak estreinaldiz betetako programazioa aurkeztu du
Martxoaren 27tik apirilaren 1era bitartean egingo dute seigarren Crossover jaialdia, Koldo Mitxelena Kulturunean eta Tabakaleran. Eztabaidak, estreinaldiak, elkarrizketak, jolas jarduerak eta berrikuntzak izango ditu: Gourmet Telesailak, esaterako. Horiek guztiek programa bat osatzen dute telesailen fikziora hainbat ikuspegitatik hurbiltzeko, betiere kultur sorkuntzaren eta kritikaren protagonista nabarmenen eskutik.
Jaialdiak estreinaldiz betetako programazioa aurkeztu du. Besteak beste, ondorengo estreinaldiak egingo dituzte: Movistar Pluseko Rapa telesailaren bigarren denboraldiko lehen atala, SkyShowtimen Bosé jatorrizko telesailaren hirugarren atala, Filminen Selftape telesailaren estreinaldia, AXN telebista katearen Three Pines telesail berria, eta HBO Max-en Spy/Master jatorrizko europarra.
Aurten ere, aurpegi ezagunek parte hartuko dute jaialdian. Baieztatu dituzten gonbidatuak dira Javier Camara, Maria de Nati, Teresa Fernandez Valdes, Miriam Giovanelli, Esty Quesada, Jose Pastor, Monica Lopez, Bob Pop, Laura eta Alberto Caballero, Pedro Torrijos eta Ibon Martin idazle donostiarra.
Crossover jaialdiaren antolatzaileak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saila eta Kultur Factory agentzia dira, eta erreferentziazko hitzordu bihurtu da jada telesailen kultura aztertzen duten formatuen artean.