Miguel Garai arkitekto donostiarra zendu da
Miguel Garai 86 urteko arkitekto donostiarra zendu da. Trantsizioaren urteetan euskal arkitekturaren berrikuntzaren bultzatzaile handienetako bat izan zen, eta baita Donostiako Arkitektura Eskolaren sorreraren arduradunetako bat ere.
1936an jaio zen, eta arkitektura ikasi zuen Bartzelonako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan. 1977an irakaskuntzan hasi zen hasi zen diseinuko irakasle gisa, Donostiako Eskolan, eta hamarkada askotan egin zuen bertan lan. Horrez gain, 1992an inauguratu zen Ibaetako Arkitektura Eskolaren eraikinaren egilea da.
Garairen lanak 60 bat proiektu biltzen ditu, baina erdia baino ez zen benetan eraiki. Ibaetako Arkitektura Eskola eta Hondarribiko Txingudiko ikastola, 70eko hamarkadan Jose Ignacio Linazasororekin batera eraikia, dira bere lanik esanguratsuenak. Kultura arloan ere aritu zen Garai, Ez Dok Amairu musika mugimenduarekin eta Jorge Oteizarekin aritu baitzen lanean, besteak beste.