AB Krosa egingo dute ekainaren 3an
Euskararen aldeko Amara Berriko krosa bueltan izango da ekainean. Jada iragarri dute kirol proba noiz egingo duten: ekainaren 3an egingo dute, arratsaldean. 19:00etan hasiko da lasterketa Isabel II.aren kaletik, eta korrikalariek bi ibilbide mota egiteko aukera izango dute: luzea, 6 kilometrokoa, eta motza, 3 kilometrokoa. Hurrengo ostiralean zabalduko dute izena emateko epea Herrikrosa.eus webgunean.
Kirol proba bat baino gehiago da AB Krosa, auzoko festa bat delako, eta, horregatik, lasterketaz gain, hainbat jarduera egingo dituzte Probestu plazan. Haurrentzako jolasak egingo dituzte 17:30ean, eta lasterketaren ondoren kontzertu bat izango da. Parte hartzaileen artean hainbat sari zozkatuko dituzte, eta emakumezko eta gizonezko korrikalari azkarrenek Irutxuloko Hitzaren urtebeteko doako harpidetza lortuko dute.