Añorga Txikiko bizilagunek 26. giza katea egingo dute
Donostiako Udalak Añorga Txikin eraiki nahi dituen etxebizitzen proiektuaren kontrako mobilizazioekin jarraituko dute bizilagunek. Horrela, Atxiki Añorga taldeak eta Añorgatxikitarrak auzo elkarteak 26. giza katea egingo dute gaur, 18:15ean. Añorga Txikiko biribilgunean elkartuko dira, aurreko giza kateekin egin moduan.
Hain zuzen ere, udalak aurrera egingo du Añorgako Geltokia azpieremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziarekin. Añorga Txikin, trenbidearen aurreko lursail zabalean, 250 etxebizitza egitea aurreikusten dute. “Udalak auzoaren bizigarritasuna sakrifikatzen du, auzokideek planteatutako arazoak gutxietsiz, eta enpresa eraikitzaileak negozioa egiteko duen eskubidea lehenesten du”, salatu du Atxiki Añorgak.
Hirigintza proiektu honekiko desadostasuna adierazteko giza kate jendetsua egin zuten otsaila bukaeran. Orduan, Bulebarrean elkartu eta Donostiako Udaletxeari bi buelta eman zizkioten bizilagunek protesta gisara.