Donostia, bi badiadun hiria
Bilbo hiri industriala eta Donostia hiri turistikoa izan dela errepikatzen dute Parte Zaharreko ‘free tour’-ek. Hiriko biztanleez, ordea, zer diote? Ez al ziren, gainontzeko Europako hirien moduan, langile auzoetan pilatu? Ez al ziren fabrikak eta tailerrak eta esplotazioa eta langile borrokak nonahi? Kontxako badiatik urrunduz gero begirada, ez al ditugu bestelako erantzunak topatzen?
Nola egin hiriaren historia? Zeintzuk dira gure iruditerian iltzatuak ditugun mugarriak? Nola eraiki zen Donostia, eta, nork eraiki zuen? Baditugu partekatzen ditugun argazkiak: 1813ko erreketa, Cortazar zabalgunearen eraikuntza, belle époque, Kursaala eta jaialdien aro loriatsua. Bai, betidanik, Donostia turismora bideratutako hiri bat izan da, bizi kalitate handikoa, «oso hiri frantsesa».
Ezberdin pentsatzen laguntzen digu Marx zaharraren esaldi ezagunak: «Klase dominatzailearen ideiak dira garai bakoitzeko ideia dominatzaileak; edo, bestela esanda, gizartetan botere materiala ezartzen duen klasea da, aldi berean, bere botere espiritual nagusia». Donostiaren historia oso bestelakoa aurkitzen dugu, hain zuzen, postalean paratutako argazkitik urrunduz begirada.
Arrantza eta merkataritza, hiriaren sorreran
Ez da sobera argia Donostia noiz sortu zen, baina 1180. urtean Nafarroako errege Antso VI.ak komertzio eta arrantza eskubidea eman zion. Honela joan zen garatzen, Parte Zaharraren bueltan, arrantzale herrixka, itsasoarekin loturaren ondorioz merkataritzan eta funtzio militarretan trebatuaz –Penintsula osoko portu kortsario garrantzitsuenetako bat izatera iritsi zen, baina hori beste baterako utziko dugu–.
1813 da mugarria: hiria suntsitu ostean, egun gutxira batzartu ziren Zubietan hiriko hamaika jauntxo, eta haiek erabaki zuten nola izango zen etorkizuneko hiria. Demokrazia liberala, edo. Hainbat tirabiren ostean, 1820an onartu zen behin-betiko eraikuntza eta 1840ko hamarkadarako 10.000 biztanle zituen hiri barrutiak.
Lehen industrializazioa eta turismoa
30 urte ez ziren alferrik pasa, eta, ordurako, ekonomia eredua aldatuz doa, kapitalismoaren hegemonia prozesuarekin. Industrializazioa motel gertatu zen hirian, azken karlistaldia amaitu arte, behintzat: 1845. urtean Urkola metalurgia tailerra sortu zen Parte Zaharrean; Santa Katalina eta San Martin auzoetan kandelen, ozpinetakoen eta soken fabrikak, eta, Urumearen bazterrean, La Lembicicoa oihal fabrika eta Iraola y Mugica arma fabrika.
Hortik aurrera, kapitalaren metaketaren araberako hiri eredu burgesa eraikitzeari ekin zitzaion, Erdialdea zabalguneen bidez eraikiz –Haussmanizazio ere deitu izan zaio prozesu honi–. Izan ere, 1845ean, Isabel II.a Espainiako erreginak hiria aukeratu zuen udako destino turistiko gisa; Maria Kristina erreginak jarraituko zuen erabakia. Hiri turistiko gisa garatu zen Donostia, turistentzat kasino eta antzokia sortuz –Kasinoa, paradoxikoki, udaletxe bilakatuko zen gerora, baina hori ere, beste baterako utziko dugu–.
Ezagunak zaizkigu hortik aurrera aristokraten turismo irudiak, baina, noski, Erdialdean soilik dira argazkiok, aipatu karlistaldien amaierarekin batera, Donostiaren benetako garapena industriaguneen inguruan izan baitzen.
Gaspar Fernandez historialaria argia da gai honekin: «Erabileren banaketa eta gizarte segregazioa ezaugarri zituen hiri eredu bat finkatu zen Donostian: erdiko espazioak burgesiarentzat eta hirugarren sektoreko jarduerentzat gorde ziren, eta industriarentzat eta langile klasearentzat, berriz, kanpoaldea. Periferiako lantegi-auzoen orla bat sortu zen orduan, hiria mendebaldetik, hegoaldetik eta ekialdetik inguratuz, Antiguatik Grosera, Amara, Egia eta Atotxatik igaroz».
Lehenengo fabrikak
1858koak dira hiriko lehen fabrikak, Añorgako La Esperanza (gerora Rezola), eta Antiguako La Provincia 1864an. Ondarretan, beirazko botila fabrika bat sortu zen 1876an, eta, jarraian, Cervezas el Leon, Licores Domingo Bentam (1889), Chocolates Louit (1893, gerora Suchard), Vasco Toledana de Aceites (gerora Koipe) eta, Egian, Fabrica de Tabacos del Estado (1887). Metalurgian, Herederos Múgica (1877) Tabakaleraren ondoan, eta Metalurgia Elorriaga (1884).
XX. mendean garapena izan zuten fabrikok: 1889an Electroquímica Iberica Ategorrietan, 1901ean Rezolan portland motako zementoa egiten hasi ziren, 1902an Egian Teila Fabrika, 1926an, contadores de Tavira Amaran eta Delaunet Pasaia aldean. 1857 eta 1940 urteen artean, Donostia 13.165 biztanle izatetik, 51.484 biztanle izatera pasatu zen.
Donostia, hiri industriala
Euskal Herrian bestelako erdigune industrialak egoteak ez du esan nahi, beraz, Donostiaren hiri ereduaren garapena ez denik industriala izan. Burgesiarentzat Erdialdeko zabalguneak, eta inguruan, auzo proletarioak. Aipatu ditugun hamaika fabrikez gain, ehunka izan zirelako hiri osoan zeuden tailerrak, eta, milaka, beraz, langileak.
XX. mende gatazkatsuak garapen ekonomikoa birmoldatzea ekarri zuen, merkatu berriak ustiatzea bilatuz. 1920ko hamarkadan, Primo de Riveraren diktaduran, Espainiarentzat portu garrantzitsu bilakatzeko helburuz, Pasaiako portuan hainbat obra abiatu zituzten; frankismoko teknokratek are gehiago garatuko zutena 1940ko eta 1950eko hamarkaden ostean.
Gogora dezagun Altza ez zela Donostiaren parte, eta ez zegoela sobera urbanizatuta, nekazaritza eremua baitzen. Bidebieta ez zen existitu ere egiten. 1940an alkate frankistek Altza Donostiaren parte egin, eta, esan bezala, 1950eko hamarkadan abiatu zuten hiriak ezagutu duen eraldaketa urbanistikorik handienetakoa.
Langile izaera eta langile borrokak
Victorio Luzuriaga S.A ontziola izan zen Pasaiako portuko lantegirik garrantzitsuenetakoa, Ramon Vizcaino eta Errenteriako paper fabrikarekin batera, eskualdeko handienak. Donostian 1898an sortua, Ategorrietan eta Tolosan zituen tailerrak Pasai Antxora eraman zituen 1918an. Hor abiatu zen, 1994 arte, portuko enpresarik garrantzitsuenetakoaren ibilbidea. 3.000 langile izatera heldu zen.
Luzuriagaren inguruan, noski, bestelako fabrika eta tailer ugari izan ziren. Gerora Luzuriagaren parte izango zen Molinao fundizioak eraiki zuen, adibidez, Donostiako Kontxako baranda.
Lan baldintza kaskarrak zirela, eta borroka politikoak zirela, hamaika izan ziren mende osoan zehar Pasaiako portuko langileek abiatu zituzten borrokaldiak. 1919an portuko zamaketarien greba zela eta Txirritak egindako bertso sorta oso ezagunak bihurtu ziren, Antxoko huelga.
1931ko maiatzaren 27an izan zen Ategorrietako sarraskia, Trintxerpetik Donostiara ‘Ogia eta askatasuna’ eskatzen zuten 2.000 lagunen kontra egin zuen Guardia Zibilak, zazpi hildako eraginez. 1934ko urriaren 5ean, greba orokor iraultzailea izan zen estatu osoan, eta Antxon eta Trintxerpen erabatekoa izan zen lanuztea, ia astebetez. Espainiako Armadak hainbat langile hil zituen tiroz Trintxerpen eta San Pedron. Guardia zibilek ezin izan zuten atxilotu La Union arrantzale sindikatuko idazkaria, Juan Astigarrabia komunista, hain zuzen Poliziak Pasaiako mugimendu iraultzailearen burutzat zeukana. ELA, CNT eta bestelako sindikatu komunistek eta errepublikazaleek izugarrizko indarra zuten.
36ko gerraren ostean, frankismo betean, errepresio izugarria zen arren, CCOO, UGT eta ELA sindikatuek indarra hartu zuten portuko langileen artean, eta, gerora baita ETAk eta borroka nazionalari lotutako grebek ere, Luzuriaga, hogeita bost lekukotasun liburuan Koldo Izagirrek jasotzen duenez.
Leherketa demografikoa
Jon Aldabaldetreku soziologo eta ikerlariak XX.mendeko bigarren erdialdean ekialdeko auzoen eraldaketa demografikoa ikertu du. Jaso duenez, Gipuzkoa 370.000 biztanle izatetik, 692.986 izatera igaro zen 1950 eta 1980 urteen artean. Datuak adierazgarriak dira oso: «1940. urtean Donostiako hiriak 105.775 biztanleko kopurua zuen, eta apenas 40 urteen buruan, 70.000 biztanleko igoera izan zuen, izugarrizko kopuru altua Donostia bezalako hirigune batentzat». Ekialdeko auzoek jasan zuten aldaketa demografiko handiena, hiriko biztanleen %21,4 jasotzeraino.
Migrazioari dagokionez, Donostiako ekialdeko auzuneetako datuak «harrigarriak» ziren: «Altzako Santa Barbara auzunean biztanleriaren %90,1 (1960) Donostiatik kanpo jaiotakoa zen. Rotetan %78 (1965) zen atzerritarra, eta Arrizar-Arriberri eta Los Boscosen %68,5 (1970). Kanpotik etorritako biztanle gehienen jatorriari dagokionez, espainiarrak izan ziren batez ere; Caceres, Salamanca, Badajoz, Valladolid, A Coruña eta Pontevedra aldetik etorritako langileak izan ziren Altzaren kasuan».
Migrazioa oso indartsua zen, eta dirudienez, ghetto modukoak sortu ziren: «Ez zen gatazka ezagunik sortu, baina galiziar gehienak San Pedron geratu ziren, eta euskaldunak San Juanen, adibidez».
Soldatapeko langileen profilari dagokionez, ekialdeko barrutietan, hiriko beste eremuetan ez bezala, kualifikaziorik gabeko langile gazteak nagusitu ziren: Intxaurrondo-Altza barrutian esaterako, jornalero guztien %29,6 ziren kualifikatu gabekoak.
Baldintza kaskarrak
Eraldaketa honek, masifikazioa ekarri zuen: «Etxebizitzak eraikitzeko, erlojuaren kontrako lasterketa bat abiatu zen». Donostiako eredu geografikoak ez zuen erraz jartzen; dena maldak ziren, eta ezinezkoa zen. Bidebieta izan zen horren adibiderik argiena: lekurik ez, eta gorantz eraiki behar ziren etxebizitzak.
Gainera, Bidebietaren eraikuntzak eraldaketa handia ekarri zuen oso denbora gutxian. La Paz izeneko poligonoa inauguratu zuen 1967an Francisco Franco diktadoreak. Gipuzkoan, guztira, hamabost poligono inauguratu zituzten izen berarekin. 1957an hasi ziren pixkanaka lurrak desjabetzen, eta bertan industriagunea eraikitzen. Baserri asko bota zituzten eta baserri haietan bizi zirenak industriaguneko langileentzat eraikitako hamabi dorreetara joan ziren bizitzera. Hamabi dorreak, hamabi apostoluen irudi gisa egin zituzten. Zerutik ikusita, hamabi gurutze dira.
Lan baldintzak penagarriak ziren: «Askotan justifikatua zegoen, euren herrialdeetan baino hobeto bizi zirelakoan –Extremaduran landatik bizi ziren–, eta abar. Baina hemen, irabazi tasak eta ekoizpenaren garapenak eta jendearen bizi baldintzak ez zetozen bat. Izugarrizkoak dira Pasaiako fabriken irabazi tasak, baina langileen bizi kalitatea, ez. Badira 12 ordu eta 15 ordu lan egiten duten langileak, fabrikatik atera eta portura doazenak lan bila, destajuan lan egitera. Kronika ugari daude hori baieztatzen dutenak».
Jabetzarik ez zuten langileak sei hilabetero aldatzen ziren etxez, eta, bestalde, pilaketak izaten ziren etxeetan, etxe berean hamalau lagun bizitzeraino. Aldabaldetrekuk ikertu duenez, «jende gehiegi zegoen, eta ez zegoen etxebizitza nahikorik. Eta, bestalde, modu oso azkar batean eraiki ziren eraikinak, baina bestelako espaziorik ez zen eraiki: lanetik etxera, eta etxetik lanera, hori zen guztia».
Hirigintza «kaotikoa»
1962an egin ziren lehen garai hartan plan orokor eta partzialak: «Erdialdeko zabalguneak oso ondo planifikatu ziren moduan, Ekialdeko plan partzialak erabat bideraezinak ziren, eta beraz, 30 urterako zen plana, ez zen aurrera eraman. Kaleak asfaltatu gabe zeuden, ez zegoen zerbitzurik, ez zegoen ospitalerik, eskolarik oso berandu arte, ez zegoen zerbitzu kulturalik, autobus zerbitzurik… utzikeria izugarria egon zen eta kaos bat izan zen». Udalak ordenatu ez zuena higiezin enpresek ordenatu zutela azaldu du Aldabaldetrekuk.
Aipatu lan gatazkez gain, langileen eta udalen arteko gatazkak izan ziren hirigintzari zegokionez. Errenteriako adibide bitxi bat topatu du Aldabaldetrekuk: «1955ean Errenterian egindako plan orokorra betetzeko eskatzen zuten bizilagunek, hamar urte beranduago. Dokumentu batzuen arabera, Victoriano Luzuriaga fabrikak bereak ez ziren lurrak okupatu zituen biltegiak eraikitzeko eta abar. 1955ean, hain zuzen, portuko enpresa handiek alegazioak aurkeztu zituzten, ez zutelako plana bete nahi. Donostian ziurrenik antzeko egoerak izango ziren».
Hainbat urtez luzatu ziren gorabeherak: «Hurrengo plana 1980ko hamarkadakoa da, eta horrek esan nahi du eraikuntza masiboaren denboraldi guztian zehar ez zela estrategiarik izan. Edo, okerrago, enpresariek zuzendu zutela».
Hiria, kapitalaren mesedetan
Paradigmatikoa da Donostiaren hiri ereduak izandako garapena Aldabaldetrekuren arabera: «Ekoizpenak erabakitzen zuen langileen bizitza, espazioaren bizitza eta guztiarena. Industriak erabakitzen du non eraikitzen den, zer eraikitzen den, eta nola. Kapitalaren metaketaren interesen arabera, erabakitzen da zer geratzen den hirian, eta herritarren bizitzetan».
Ekialdeak izandako garrantzia nabarmentzen du: «Donostian ekoizpen prozesuak hartzen duen forman, plusbalio handiena Pasaiako portutik dator. Eta zentzu horretan, Donostia Kontxatik ulertzeak ez du zentzurik, irabazi gehienak Pasaiatik datoz eta».
Interes ekonomikoen arabera garatu ziren XIX. mendean erdialdeko eta mendebaldeko auzoak, eta XX. mendean ekialdekoak, are modu basatiagoan. Garatu eta azpigaratu. Izan ere, 1973ko krisi kapitalistaren ondotik, eredu fordista agortzerakoan, eraiki bezala deseraiki zituzten auzootako bizibideak. 50 urte eskaseko garapena izan zen.
Nola geratu ziren ekialdeko auzoak, desindustrializazioaren tornadoaren ostean? Nora bideratu zen lan indar hori guztia? Zergatik jarraitzen dute auzo hauek izaten hiriko pobreenak, eta abandonatuenak? Hiru sektore garrantzitsuen arabera garatu da Donostia XIX. mendetik gaurdaino: industria, eraikuntza eta turismoa. Kapitalaren metaketaren beharren arabera, hiria modu batean edo bestean eraiki dute; askotan langileriarentzat penagarriak diren egoerak sortuz.
Periferiako auzoez hitz egiten dugu, baina hiri ereduaren garapenak ez ditu zentro eta periferiak bereizten. Donostia hiri burges moduan eraiki da; hau da, burgesiaren beharretara egokitutako hiri moduan. Kapitalaren metaketaren arabera zabaldu dira auzoak eta zabalguneak, baina, jakina da: kapitalaren beharrek sortutako hirigintza eta hiri eredua langileek egin dute.
Donostiaren postal argazkiak itsutu egiten du donostiarron benetako errealitatea. Belle époque-aren eta jaialdi eta glamourraren ifrentzua izan baita XX. mendeko donostiar langileriaren historia. Pentsamendu dominatzailearen ardatza aldatzea ezinbestekoa da garaia ulertzeko: bi badia artean bizi den herria delako Donostia. Langile herria izan da Donostia, eta oraindik ere bada.