"Ezinezkoa da gradu bat euskaraz amaitzea"
EHUko euskara taldeek, Gazte Euskaltzaleen Sareak eta Ikasleria Martxak antolatuta, euskarazko hezkuntzaren aldeko mobilizazioak egingo dituzte martxoaren 23an Euskal Herriko hainbat hiriburutan. Donostiako manifestazioaren antolatzaileetako bat Ibaetako Euskaltzaleen Plaza (IEP) da, eta bertako kide Argiloa Pinzolasek azaldu ditu xehetasunak.
Martxoaren 23an mobilizazioak antolatu dituzue euskarazko hezkuntzaren alde. Zer da Donostian egingo duzuena?
Martxoaren 23ko mobilizazioa prestatzen ari gara, 12:00etan Bulebarrean egingo duguna. Ibaetatik bloke bat abiaraziko dugu, eta elkarrekin joango gara Bulebarreraino. Manifestazioa prestatzen ari gara Hezkuntzak euskaraz izan behar du eta Hezkuntza euskaraz izango da lelopean. Eskatzen duguna da hezkuntza euskaldun bat, materiala euskaraz izatea, irakasle euskaldunak eta graduak euskaraz bukatu ahal izatea. Izan ere, gaur egun, hasi dezakezu gradu bat euskaraz, baina amaitzea ezinezkoa da. Eta hori guztia Euskal Herriko markotik eskatu nahi dugu.
Nortzuk antolatu duzue?
Hainbat campusetako euskara taldeek, izan ere, Donostiaz gain, mobilizazio horiek Iruñean, Gasteizen eta Bilbon ere egingo dituzte. Beste eragile batzuk ere badaude, adibidez, Gazte Euskaltzaleen Sarea eta Ikama antolakundea, beste hainbaten artean.
Zein izan zen mugimendu honen sorrera?
Aurreko urtean Euskara Aurrera manifestazioa egin zen, baina hori ez zen soilik ikasleen mobilizazio bat izan. Aurtengoak ikasleengan eta hezkuntzan jartzen du arreta, eta horregatik da leloa Hezkuntza euskaraz izan behar da eta Hezkuntza euskarazkoa izango da. Izan ere, esan bezala, gaur egun ezinezkoa da gradu bat euskaraz egitea, eta horren harira antolatu gara.
Noiz hasi zineten deialdi hau martxan jartzen?
Gazte Euskaltzaleen Sarea hasi zen iaz hau antolatzen. Euskara taldeak lehenagotik ere bazeuden unibertsitateetan, eta hezkuntzan dauden gabeziak ikusita, elkarrekin mobilizazioa prestatzen hasi ziren.
Zeintzuk dira aipatu dituzun gabezia horiek?
Batez ere, euskaraz ongi moldatzen diren irakasleak falta dira; edukia gaztelaniaz dago gehienbat, eta itzulpengintzan ez da inbertitzen, euskarazko materiala izan dezagun. Ikasketak ez dira Euskal Herriko marko batetik bideratzen, eta hori guztia hartu dugu kontuan mobilizazioa prestatzeko.
Ibaetako campusari dagokionez, zein fakultatetan dago euskaraz ikasteko arazo gehien?
Euskal Herriko Unibertsitatean euskaraz ikas daitekeela saltzen digute, baina hori ez da errealitatea. Besteak beste, Kimikan, Filosofian eta beste hainbat gradutan ikasgaiak gaztelaniaz egin behar izaten dituzte, testu gehienak gaztelaniaz daudelako eta ez dituztelako euskarara itzultzen. Autore asko ez dira euskaldunak, eta falta da aditu euskaldunei lekua eta ahotsa ematea.
Gaztelaniaz ikastera behartuta zaudetela sentitzen duzue orduan?
Euskaraz ez dakien jendea etor daiteke kanpotik hemen ikastera, baina horrek ezin gaitu gu gaztelaniaz ikastera behartu. Jende asko etortzen da Nafarroatik hona euskaraz ikasteko asmoz, hango egoera askoz okerragoa delako. Ibaetara etortzen dira pentsatzen dutelako ahalko dutela gradu bat bere osotasunean euskaraz egin, baina iristen direnean konturatzen dira hori ez dela horrela. Ikasketa batzuk ezinbestean gaztelaniaz egin behar izaten dituzte, beraz, EHUk benetakoa ez den irudi bat saltzen duela ondorioztatu dezakegu.
Zu Zuzenbidea ari zara ikasten. Zure fakultatean nabaritu duzu horrelako gabeziarik?
Espainiako estatuko legeak ikasten ditugu, eta gaztelaniaz daudenez, horrelaxe ikasi behar izaten ditugu. Gaztelania jakin gabe Donostian ezin da Zuzenbidea ikasi, eta horri irakasleen euskara maila kaskarra gehituko nioke. Batzuk euskaraz ez dira ondo moldatzen, eta EHU arduratu beharko litzateke horretaz. Aurrekoan, adibidez, praktika bat egiten ari ginen, eta testua euskaraz idatzita zegoen, baina akats pila bat zituen. Edonork egin ditzake akatsak, baina irakasleek maila bat izan behar dute.
Lanketaren bat egin duzue fakultateetako informazioa biltzeko?
Asanblada irekiak egin ditugu ikusteko jendea zein egoeratan dagoen fakultate desberdinetan. Beraz, esperientzia pertsonaletatik abiatuta bildu dugu informazio gehien. Egoera nahiko larria dela ikusi dugu, eta Ibaetak ere bere gabeziak dituela ohartu gara, nahiz eta beste campusak baino euskaldunagoa dela esaten duten.
Zuen kezkak instituzioetara bideratu dituzue?
Nik dakidala, ni taldean egon baino lehen, errektoretzarekin hitz egin izan dute. IEP ez da instituzioetara iritsi, baina agian Gazte Euskaltzaleen Sarea bai, ez dakit.
Etorkizunerako beste egitasmorik baduzue?
Une honetan, IEP-n martxoaren 23ko mobilizazioa antolatzen ari gara, baina etorkizunera begira zerbait egingo dugu, ziur.