Hotel berriei muga jarri die udalak, plaza kopurua nabarmen hazi ondoren
Donostiako Udal Gobernuak hotel eta etxebizitza turistiko berriak irekitzeko baimenak behin-behinean bertan behera utzi ditu. Azken urteotako plaza turistikoen gorakadarengatik hartu dute erabakia. Bizilagunekin plataformak dio «erabaki kosmetikoa» dela.
Eneko Goia alkateak eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak presazko agerraldia egin zuten hilaren 9an, hiriko eskaintza turistikoa «arautzeko» neurri bat aurkezteko. Hain zuzen ere, udal gobernuak hotel berriak irekitzeko baimenak bertan behera utzi dituela iragarri zuten, baita hiriko hainbat eremutan beste ostatu erabilerak jartzeko baimenak ere. Neurria astearteko Tokiko Gobernu Batzordean onartu zuen udal gobernuak, eta martxoa bukaerako osoko bilkuran onartuta sartuko da indarrean.
Hotel berrien azken lizentziak 2021ean eman zituen udal gobernuak. Horrekin batera, Arzallusek adierazi zuen iaz eta aurten Hirigintza Sailak ez duela eskaera berririk izan. Horrela ere, urtebete inguruko «moratoria» ezarri dute, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartu bitarte.
Baimen berriak ez emateko erabakia udalak duen «estrategiaren barruan» dagoela nabarmendu zuen Goiak, «turismo jasangarri eta arrazoizkoa izateko». Horren ildotik, onartu berri den 2023-2027 Turismoko Gida Planak turismo jasangarria lortzeko hainbat neurri jasotzen dituela gaineratu zuen. «Donostian turismoak garrantzia du, eta zaindu beharreko jarduera da, baina ezin dugu iparra galdu: gure lehentasuna donostiarrak dira», azaldu zuen alkateak.
18.000 plaza inguru
Gaur egungo ostatu eskaintzari dagokionez, Goiak adierazi zuen Donostiak egun 18.000 plaza turistiko dituela. «Azken sei urteotan %40 igo da plaza turistikoen kopurua, eta gehiago igoko da oraindik beste bost bat hotel irekiko direlako», gaineratu zuen Arzallusek. Horietako bat da Arte Ederretako eraikinaren lekuan jarriko duten Hilton hotela.
Hain zuzen ere, azken bi legealdietan nabarmen hazi da hiriko hotel, pentsio eta etxebizitza turistikoen kopurua. Eustaten datuen arabera, egun 162 hotel eta pentsio daude hirian –2015ean baino 43 gehiago–. Horietan 3.825 gela eskaintzen dira. Hurrengo urtetan beste bosten bat handituko dela aurreikusten du udalak –bost hotel berri irekiko direlako–. Erabilera turistikoko etxebizitzei dagokienez, egun 1.352 daude erregistratuta, eta horiek 5.700 plaza inguru eskaintzen dituzte. Azken hamarkadan hazkunde nabarmena izan dutela aitortu du udalak.
Bi eremu
Udal gobernuaren neurriak hiriko bi eremu bereizten ditu. Alde batetik, Antigua-Ondarreta, Ategorrieta-Ulia, Erdialdea, Gros eta Ibaetako hirigintza eremu guztietan baimenak orokorrean bertan behera geldituko dira, eraikinen kalifikazioa edozein dela ere. Bestetik, hiriko gainerako eremuetan soilik bizitegi erabilera duten eraikinetan aplikatuko da. Hau da, hirugarren sektoreko erabilera duten eraikinetan hotelak eta etxebizitza turistikoak baimendu ahal izango dituzte.
Harturiko neurriaren ondorioz, ez da baimenik emango establezimendu eta ostatu erabilera berriak jartzeko, ezta horiek jartzeko egin beharreko lanak egiteko edo egun daudenak handitzeko ere. Parte Zaharra ezarritako eremuetatik kanpo gelditu da, zona «saturatua» delako. Era berean, nerriak ez du eraginik izango kanpin, nekazaritza turismo eta landetxetan. Hau da, lurzoru ez urbanizagarria diren lekuetan.
«Hauteskundeei begirako erabakia»
Bizilagunekin plataformak udal gobernuak pasa den astean iragarritako neurria kritikatu du, eta «hauteskundeei begirako erabakia» dela diote: «Zortzi urtez hiriko hotel kopurua ugaritzea erraztu duen udal gobernuak ez du sinesgarritasunik. Orain hotelen saturazioa konpontzeko arduratsu jokatuko omen dute».
Neurria «justifikatzeko» udal gobernuak eman dituen argudioekin, «turistifikazioak etxebizitzaren merkatuan, lan merkatuan, auzo bizitzan eta eredu ekonomikoan dituen kalteak» zerrendatu dituztela salatu dute. «Udal gobernuak turistifikazioaren makinaria indar betean hirian hedatzeko eta gailentzeko erraztasunak ematen aritu ostean, honakoa erabaki kosmetikoa iruditzen zaigu».
2019ko martxoan udal gobernuak antzeko neurria hartu zuela ohartarazi du Bizilagunekinek. Orduan, bizitegi eraikinak hotel bihurtzeko plan berezi bat onartzeko baldintza ezarri zuten. «Jarrera arduratsua antzeztu nahi dute. Benetan arazoa geldiarazteko aukera ugari izan dituzte azken bi legegintzaldietan eta ez dituzte beharrezko neurriak hartu. Orain, egoera larria denean eta hauteskundeak datozenean, egoeraren erantzule direnak mozorrotzen zaizkigu esateko kezkatuta daudela eta soluzioak dakartzatela», kritikatu du plataformak.