Gartxot Unsainek 'Arin nira' bigarren disko liburua kaleratu du, Ghau izenpean
Joan den ostiralean kaleratu zuen Gartxot Unsain donostiarrak Arin nira, bere bigarren bakarkako lana Ghau proiektuarekin. Ostiralean aurkeztu zuen lana Dabadaban, Odei rap kantariarekin batera, aretoa goraino beteta zegoela.
Iaz kaleratutako Nora(ez)eroso lanaren pare, hau ere eleberri batekin batera heldu da. Unsainek berak azaldu duenez, “gaur egun naizena izateko bidean bizitako muturreko egoera baten kronologia aurkituko du irakurleak, bihotza zein burua lehen lerroan, egunero bezala”.
Arin nira-n bederatzi kanta bildu ditu Unsainek, ohikoa den eran, letra eta hitz joko zainduekin, barne gogoeta bultzatzea bilatuz. Unsainek Ghau erabiltzen du bere barne begirada are gehiago lantzeko.
Atzo bertan, Gaztea irratiko Behekaldea programan bideoa grabatu zuen hain zuzen Odei Barroso rap kantariarekin, diskoan topa dezakegun Galduinun kantaren zuzeneko bertsioarekin.
2018an sortutako proiektua da Ghau, musika oinarri, “artearen aniztasuna defendatu eta diziplina ezberdinen nahasketa burutu nahi duena”. Hain zuzen ere, OSA + Mujika dantzari eta estilista donostiarren laguntza du ikus-entzunezkoetan eta zuzeneko emanaldietan.