Maia Iribarne eta Paxkal Irigoyenen 'Bañolet' filma lehen aldiz ikusgai Donostian

Bihar, asteartean, Donostian ikusi ahal izango da lehen aldiz Paxkal Irigoyen eta Maia Iribarne baxenabartarrek zuzendutako Bañolet filma. Proiektuak Durangoko Azokaren hirugarren Sormen Beka irabazi zuen websail bat egiteko. Filmaturiko lau kapituluekin, 50 minutuko bertsio berri bat egin dute azkenean, ostiralean estreinatua.
Bañolet auzolanean eginda dago, Eiherelarreko (Nafarroa Beherea) biztanleen laguntzaz, eta sinbolismoz, errealismo magikoz eta surrealismoz beteriko iniziazio istorioa kontatzen du.
Bañolet ostiralean eta larunbatean estreinatu da Donibane Garazin, Vauban aretoa goraino beteta. Emanaldiaren ondoren, gainera, Irigoyenek eta Iribarnek -musikariak, biak ere- kontzertua eskaini dute, filmean agertzen diren kantu batzuekin. Hain zuzen, filmerako soinu banda egiteko orduan konposatutako kantekin kaleratu zuten Bloñ izeneko diskoa.
Donostian, Ipararaldea Bertan zikloaren baitan estreinatuko da, bihar, martxoak 21, 19:00etan. Zuzendariak izango dira bertan, Beñat Iturrioz hernaniar zinemagilearekin batera. Aurreratu dutenez, filmeko hainbat kantu joko dituzte zuzenean.