Antondegiko eta Belartzako hirigintza proiektuak bertan behera uzteko eskatu du Haritzaldek
"Zuhurtzia , koherentzia eta garapen jasangarrian oinarrituriko interes orokorraren zaintza eskatzen ditugu, bete gabeko hitz emate berdeetatik harago", nabarmendu dute.

Martuteneko Antondegi berdegunea eta Añorgako Belartza Goikoa eremua urbanizatu gabe dauden eta egoera naturalean dauden bi paisaia dira. “Beharrezkoa dugun gerriko berdearen parte ere badira, ekologikoki garrantzia handia dutenak, duten bioaniztasun izugarri oparoa tarteko”, adierazi du Haritzalde Naturzaleen Elkarteak. Hain zuzen ere, bi zona natural horiek babesteko eta aurreikusitako hirigintza proiektuak baztertzeko eskatu diote Donostiako Udal Gobernuari.
“XX. mendeko hirigintza basatiaren gorenean antzera, Belartza Goikoako industrialde erraldoia eta Antondegiko uhin artifizialerako parkea gisako egitasmoek aurrera jarraitzen dute ia isilpean, berriz ere donostiarron natur ondarea kinkan jarriz. Ez da kasualitatezkoa egitasmoon inguruko informazio lausoa, naturaren aldeko kontzientziak aurrera egin ahala lurraldea babestu eta ez artifizializatzeko lurralde plangintzarako tresna eta irizpide berriak sortu baitira”, salatu du Haritzaldek.
Klima Larrialdiaren harira, udalak harturiko konpromisoek eta jokabideak talka egiten dutela dio elkarteak: “Ingurugiroaren aldeko konpromiso sorta aldarrikatu dute green whasing eginez, baina milaka metro koadro natural arpilatuko duten egitasmoak sustatzen eta izapidetzen dituzte”.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzerakoan, ondorengoa eskatu Haritzaldek: “Zuhurtzia , koherentzia eta garapen jasangarrian oinarrituriko interes orokorraren zaintza eskatzen ditugu, bete gabeko hitz emate berdeetatik harago”.