Hamar urtean Donostiako 3.375 gazte baino gehiago joan dira bizitzera inguruko herrietara
Astigarraga, Errenteria, Hernani eta Pasaia izan dira gazte donostiar gehien hartu dituzten udalerriak, eta, arrazoi nagusia, etxebizitzaren prezioa.
Gazteen emantzipatzeko zailtasunak hobeto ezagutzeko, udalerrien adin egitura aldaketen gaineko kezkatik abiatuta, ikerketa bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria Zuzendaritzak. Bizilekuari lotutako gazteen mugikortasuna Gipuzkoan (2010-2020) ikerketan, 18 eta 34 urte arteko gazteen bizileku aldaketa erregistratuak aztertu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Ikerketaren ondorioek erakusten duenez, lotura estua dago Donostiak azken urteetan izan duen bilakaeraren eta gazteak hiritik kanporatzearen artean. “Aztertu diren adierazle sozioekonomikoetatik etxebizitza eskuratzeko aukera da udalerri batek gazteak bereganatzeko arrazoi nagusia. Izan ere, etxebizitza parkearen hazkundea, etxebizitza salerosketaren tasak eta alokairu berrien tasak gora egin duen eremuetan migrazio saldoak gora egiten duela egiaztatu da”.
Desazkunde turistikoa helburu duen Bizilagunekin Plataformak nabarmendu duenez, Donostiatik herri bakoitzera joandako gazteen kopurua deigarria da, “batzuetan kopuru absolutua berez altua delako eta besteetan, herriko biztanleriarekiko zati proportzional esanguratsua osatzen dutelako”: Errenteria (892), Pasaia (728), Irun (594), Hernani (421), Astigarraga (325), Lasarte-Oria (309), Andoain (181), Oiartzun (134), Urnieta (125), Usurbil (113). Astigarragaren kasuan, bere migrazio saldoaren erdia baino gehiago zuzenean Donostiatik iritsitako gazteek eragindakoa da.
Hiri barneko dinamikek ere, hiriaren bilakaerarekin lotura dutela dio Bizilagunekinek, hau da, “etxebizitzaren garestitzearekin eta turistifikazioaren”. Izan ere, hiri erdigunetik gertuen dauden auzoek galdu dituzte bizilagun gazteak: Ibaeta (203 gazte), Gros (181 gazte), Egia (133 gazte), Erdialdea (89 gazte), Ategorrieta-Ulia (84 gazte) eta Antigua (81 gazte). Eta hiriaren kanpoaldeko auzoek, azken urteetan etxebizitza parkearen hazkundea izan dutenek hartu dituzte bizilagun gazte berriak: Loiolako Erribera (221 gazte), Txomiñenea (156 gazte), Aiete (133 gazte, Morlanseko eremua hartzen du bere barnean) eta Martutene (61 gazte).
“Egoeraren larritasun ukaezinaren” aurrean, Bizilagunekin Plataformak aldarrikatu du Donostian lehenbailehen hiri eredu aldaketaren beharra agerian geratzen dela: “Hiriaren turistifikazioak eta gutxi batzuen negozioak sustatzean oinarritutako hiri ereduak ekarri dute gero eta donostiar gehiagori ukatzea Donostian bizitzea”.
Plataformaren ustez, “desazkunde turistikorantz norabide estrategikoa hartzeko beharra” berehalakoa da, “donostiarren bizitzak eta bizi baldintzak erdigunean jarriko dituen hiri eredurantz urratsak egiteko”.