Amara Berri ikastetxean arrazakeriaren kontrako hainbat jarduera egin dituzte
Beste behin ere, martxoaren 21ean, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Amara Berri ikastetxeko hezkuntza komunitateko eragileek bat egin dute arrazakeriaren aurkako hainbat jarduera aurrera eramateko.
Aste osan zehar hainbat izan dira antolatutako jarduerak: Haur hezkuntzako ikasleekin egindako ipuin kontaketa eta itzalen antzerkia; lehen hezkuntzako lehenengo eta bigarren zikloko ikasleekin aurrera eramandako arrazakeriaren aurkako hitzaldiak eta marrazkien sorkuntza; eta hirugarren zikloko ikasleekin sortutako bideoak bildu dira.
Ikasleekin gaia lantzeaz gain, gurasoen inplikazioa bilatu dute sutatzaileek. Honela, igandean egin zen arrazakeriaren kontrako martxara joateko lanketa egin zen eta taldetxoa egin zuten elkarrekin joateko Familia Laguna egitasmoan parte hartzen ari diren familiek. Atzo, asteartean, helduei zuzendutako hitzaldia egin zuten: Nola hezi nire seme-alabak arrazakeriaren aurka.
Hitzaldiaren helburuak, izan ohi ditugun eta eguneroko bizitzan normalizatzen ditugun iruzkin eta jarrera arrazistak identifikatzea, eta aniztasunak duen balioaz eta desberdintasuna errespetatzeak duen garrantziaz kontzientzia hartzea izan ziren. Hau honela, norberak dituen jarrera eta iruzkinak auzitan jarri, eta seme-alabekin eguneroko bizitzan gaiari heltzeko tresnak elkarbanatu ziren.
Jarduerak, Guraso Elkartearen iniziatiba eta Eskolako Kulturarteko Talde Eragilearen koordinazioaren bidez antolatu dira. Talde eragile hau, Ongi Etorri Eskolara udal proiektuaren barruan kokatua dago.