'Bañolet' edo euskal errealismo magikoa zinemara eramanda
Iparraldea Bertan zikloari esker, Donostian estreinatu da asteartean Paxkal irigoyen eta Maia Iribarneren 'Bañolet' filma.
Behinola Frantziako Estatuaren mende egondako herriek burujabetza lortu, eta herri askea sortu dute Bañoleten. Herri askeak erritual berriak behar ditu, eta, badago bat, berezietan bereziena dena: Bañoleteko haurrek, 11 urte betetzen dituztenean, heldu izateko bete beharreko iragaite ohikunea.
Sinplea da errituala, 11 urte betetzerakoan, oilar bat sakrifikatu beharko dute. Horrek erakutsiko du, etsaiarekiko gorrotoa benetakoa dela, eta mendekurako prest egonen dela. Oroit dezagun, oilarra dela iraganeko estatu zapaltzailearen sinboloa, eta, herritar libre berriek, ez dutela ahantzi nahi. Esaterako, herriko haurren jolas gogokoenetako bat da Atxeman frantsesa, denek harrapatu behar dute zapaltzaile izan zena.
Izan ere, herri orok argi eduki behar du behar du etsaia nor den: komunitatea batzen duena beti da bestearekiko posizionamendua, eta, kasu honetan, gorrotoa. Horri buruz da Bañolet: Herri eraikuntzan dauden galderak, eta eraiki daitezkeen kode absurdoak.
Haurrak gaiztakerien kontra
Gauza gehiago ere bada filma. Haurren begietatik ikusten ditugu gizarte berri honen erritual absurdoak. Gaizki zegoena ordezkatu da eta egun berdin dago gaizki. Bizi eredua, ordea antzeko mantentzen da: haurrak jostari dabiltza eta helduak lanean, egun santu osoan. Filmaren momentu gorenetako bat dakar honek, Luixak andereñoa bahitu eta “gaxtakeria” horiengatik helduak zigortzeko erabakia hartzen duenean: “Gaxtakeria horiez gain, ez dakizue ezer egiten!”. Gaxtakeria horiek dira soldatapeko lana eta jolasteko edo bizkotxak egiteko denborarik ez izatea.
Geruza ugari dituen filma da Bañolet, eta Luixaren iragaite erritualaren ifrentzuan ageri zaigu, Akize gaztea. Berak ez zuen errituala amaitzea lortu, ez zuelako oilar errugabe hil nahi izan. Herritik kanporatua izango da gizajoa, eta haur eta helduen irainak jasan beharko ditu, oilo bustia delakoan. Galdera lazgarria jartzen digu parez pare Akizek: zer egin behar da herri batean onartua izateko?
Haurren munduan, Xandelo
Helduak haurkerietan agertzen dira, eta haurrak heldu izan nahian. Testuinguru horretan, paper garrantzitsua du Xandelok. Haurrek soilik ikus dezaketen pertsonaia honek, jolasa du bizi oinarri, baina, batez ere, heldutasunerako muga islatzen du. Haurren munduaren garrantzia eta maitasuna islatzen du Xandelok, Totoro filma mitikoaren oihartzunarekin. Hainbat erreferentzia aipatu dira, hain zuzen, filmaren osteko solasaldian: P’tit Quinquin, Gummo eta One Piece, esaterako.
Egunotan denen ahotan dagoen Irati filmaren beste aldea da honako hau. Inolako ikusmirarik gabe, aurrekontu txikienarekin, baina edukiz eta imajinazioz aberatsa den filma. Erantzun gutxi eta galdera mordoa plazaratzen duena. Eta, batez ere, herri zinemaren indarra baliatuz, gurean gauza txikiak handiak bihurtzen direla erakusten duena.
Herriz herri aurkeztuko dute orain zuzendariek filma, eta beren beregi sortutako soinu banda zuzenean joko dute. Aurkezpena ezin da hobeto itxi, musikari apartak baitira bi-biak, soinu banda beraiek konposatu baitzuten, eta Bloñ proiektuan aurkeztu.
Aukera izanez gero, nik ez nuke galduko. Ez dakidalako zer gertatuko den Euskal Herria inoiz askatzen bada, baina askatu bitartean, indar sortzaile ikaragarria duelako herri honek. Orain, errealismo magikoa zinemara eramateko gai dela erakutsi du. Bihar auskalo.