Dock of the Bay jaialdiak aurtengo irudia eta epaimahaikideak aurkeztu ditu
Maiatzaren 1etik 6ra egingo dute XVI. Dock of the Bay musika dokumentalen jaialdia. Programazioa aurreratu ez badute ere, aurtengo kartela eta epaimahaia aurkeztu dituzte. Estudio Primo arduratu da jaialdiaren irudia diseinatzeaz. “Mugimenduaren ideiatik abiatzen da irudia, musika modu poetiko eta bisual batean irudikatzeko modu gisa”, azaldu du Jorge Elosegi kartelaren egileak.
Film luzeen lehiaketarako epaimahaiari dagokionez, izen esanguratsuak iragarri dituzte: Christina Rosenvinge abeslaria, Dario Oliveira PortoPostDoc jaialdiko zuzendari artistikoa eta Lur Olaizoka zinema programatzaile eta zuzendaria. Film laburren epaimahaia, berriz, beste hiru pertsonak osatuko dute: Isabel Fernandez euskal konpositore eta ekoizleak, Yago Paris zinema kritikariak eta Antonio Miguel Arenas Errealizadore Gazteen Jaialdiko zuzendari artistikoak.
Dock of the Bay jaialdiaren proiekzioak eta ekitaldiak hiriko hainbat lekutan izango dira: Trueba zinema aretoan, Tabakaleran, Dabadaban, Kutxa Kultur Klubean eta Santa Teresa komentuan.