Katalina Erauso kalearen izena berrikustea proposatu du Elkarrekin Donostiak, Antonio deitzea erabaki zuela gogoratuz

Elkarrekin Donostiak hainbat ekimen erregistratu ditu, eta horien bidez deitu dute kaleen ponentzia. Helburuetako bat Katalina Erauso kalearen izena berrikustea izan dela adierazi du Aitzole Araneta bozeramaileak.
Katalina Erauso XVI. mendeko “Moja Alfereza” izenez ezaguna den pertsonaia historikoa da, gizonez jantzi, armadarekin bat egin eta Hego eta Erdialdeko Amerikako hainbat gudutan parte hartu zuena, alferez mailara iritsiz.
Hala ere, Aranetak azaldu duenez “dokumentu historiko asko daude bere bizitzan zehar izen maskulino ezberdinak izan zituela adierazten dutenak. Azkena Antonio izan zen. Izen horrekin, administratiboki eta instituzionalki, Aita Santua, Erregea edo garaiko sistema judiziala bezalako estamentuen bidez aitortua izan zen”.
Aranetaren ustetan, gaia ez da Katalina Erausok bere burua nola definitzen zuen eztabaidatzea: “Gure hirian kale bat izendatzeko bezain pertsonaia garrantzitsua baldin bada, 20 urte baino gehiagoz eta bere egunen amaierara arte eramatea aukeratu zuen izenak isla izan beharko luke”.
Kale izenen ponentziak urtebete zeraman deialdirik egin gabe, bere maiztasuna hiru hilean behinekoa izango zela adierazi zen arren. Aranetaren iritziz, batzorde hori ez da lehenago deitu udal gobernuarentzat “deserosoa” delakoan. “Donostiak izen maskulinoak dituzten kale gehiago ditu femeninoak baino. Hori zuzendu egin behar da parekidetasuna lortzeko. Hala ere, gure ustez gure hirian izan den aniztasuna ere irudikatu beharko luke kale-izendegiak berdintasun printzipioa bete dezan, hori ere ikusezina izan baita historian zehar”, adierazi du Aranetak