Urumearen "biziberritze jasangarria" proposatu du Izagirrek
EH Bilduk udal hauteskundeei begirako ekitaldia egin du Txomiñeneko Ibai parkean. Han izan da Juan Karlos Izagirre alkategaia, zerrendako beste hainbat hautagaiekin batera. Martutenetik Txominera egindako ibilaldi baten ostean, Urumeako ibarra biziberritzeko ildo nagusiak aurkeztu ditu.
Txomiñeneko garapeko ereduaren alde agertu da Izagirre, “babes ofizialeko etxebizitzen ehuneko oso handia lortu zelako”. Ordea, kritiko azaldu da Urumea ibarrerako gainerako alderdiek egindako proposamenekin: “Orain, mundu guztia Urumeari begira jarri denean, plangintza berriak ez dira egiten bizilagunekin batera”. Hori dela eta, eremu osoaren “biziberritze jasangarria” proposatu du alkategaiak, eta, eremu horren garapena gidatu behar duten bost ildo nagusiak azaldu ditu Izagirrek.
Lehenik, “garapen berrien protagonistak bizilagunak eta Urumea ibaia bera eta ingurumena izan behar” direla esan du alkategaiak. Bigarrenik, “eraikiko diren etxebizitza berriak gehienbat babestuta eta alokairuan izango direla bermatuko dugu, eta lurzorua jabetza publikokoa denean %70era iritsiko gara”, azaldu du. Hirugarrenik, “ez dugu logela auzorik nahi, auzo biziak nahi ditugu” esan du, eta, horretarako, “funtsezkoa” da zerbitzu eta ekipamendu gehiago egotea, gaur egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko: “anbulatorio berria, Txomineko kultura zentroa, Martuteneko kultur etxea eta Agustindarren eraikinari erabilpen bat ematea”.
Enpleguari dagokionez, Izagirrek garapen berriek “auzo biziak” sortzearen aldeko apustua egin du, jarduera ekonomikoak erakarriz. Alde horretatik, 27. industrialdea biziberritzearen aldeko apustua egin du, “Donostian erreferentziazko polo ekonomiko bat izan dadin”, eta han zerbitzu berriak ere ezarriko dira, hala nola haurtzaindegi publiko bat “kontziliazioa errazteko”. Azkenik, nabarmendu du “guztiz beharrezkoa” dela garapen berri oro “bizilagunekin batera egitea”. “Hartzen diren erabakien parte sentitu behar dute; horrela egin genuen 2011-15ean eta horrela berriro egingo dugu”, ziurtatu du Izagirrek.