Ahaztu duten auzoa
Martuteneko herritarrak trenbidearen, Urumea ibaiaren eta auzoa zatitzen duen errepide bihurrituaren bi aldeetan bizi dira. Azken datuen arabera, 2.669 biztanle ditu. Duela gutxi arte, deskonektatuta zeuden auzoa eta hiria, baina ibaia birbideratzeko eta uholdeei aurre egiteko lanekin lortu dute urtetan eskaturiko lotura. Horrela ere, auzotarrek urrun sentitzen dute udala, eta bestelako konexioak berreskuratu nahi dituzte Martutene aintzat har dezaten.
Bide zuzenetik okertu zen Martutene, eta ez dute berriz ere zuzentzeko neurririk hartu. 2015ean harturiko erabaki batek nabarmen baldintzatu du auzoa. Urte hartan abiatu zituen Uraren Euskal Agentziak (URA) Urumea ibaia birbideratzeko eta ibilgua handitzeko lanak. Auzotarren aspaldiko eskaera zen, eta 2011ko uholde lazgarriek agerian utzi zuten agintariek ezin zutela denbora gehiago galdu. Ibaiaren proiektuarekin batera, Martutene urbanizatzeko eta egokitzeko lanketa prozesu bat egin zuten URAk, Donostiako Udaleko teknikariek eta Sarroeta auzo elkarteak. Ibilgailuen zirkulazioa zubitik auzo bukaerako biribilgunera Tranbia kaletik bideratzea adostu zuten. Ordea, 2015ean EAJk eta PSE-EEk udal gobernu osatu berriak akordio hura hautsi, eta zirkulazioa Martutene pasealekutik izatea erabaki zuen. Ordutik, bihurgune itxia eta arriskutsua duen errepide batek erdibitzen du Martutene. Horrekin kezkatuta daude auzotarrak, eta baita auzoak bizi duen gainbeherarekin ere. Donostiako Udalak Martutene ahaztua eta utzita duela sentitzen dute, azken lau urteotan ez dutelako ibaiaz haragoko inbertsio askorik egin.
Errealitate horren aurrean, Irutxuloko Hitzak Martutene bisitatzea erabaki du. Auzoko eragile eta herritar batzuk izan ditugu bidelagun: Isabel Arrieta Sarroeta auzo elkarteko presidentea, Maite Barron Martutene Bizirik plataformako kidea eta Peio Irizar Barkaiztegi sagardotegiko arduraduna. Ibilaldia zubian hasi eta bukatu dugu, Martutene bere osotasunean zeharkatu ostean. Azken legealdian udal gobernuak auzoan egindako «hobekuntza gutxi batzuk» aipatu dituzte geldialdi bakoitzean. Dena dela, egin gabe utzi dituztenak eta oraindik egiteko daudenak seinalatu dituzte. Izan ere, asko dira auzoaren beharrak eta gabeziak. Udalaren arabera, azken lau urteotan egin diren proiektuak ondorengoak dira: Sarrueta pasealeku berria, Arantzazuko Ama ikastolako patio inklusiboa, ikastola inguruko segurtasuna hobetzeko jarduketak, Dbizi geltokia eta plaza nagusian haur parke berriak jartzea. Inbertituriko diruaren kopurua ez dute zehaztu.
Kontuak kontu, bihurgune bihurrira iritsi gara, Martutene pasealekua okertzen den lekura. Dituen espaloi estuetatik joatea baztertu dugu, eta Tranbia kaletik egin dugu aurrera. Sarroeta auzo elkarteko presidente Isabel Arrietak ezin izan du bere haserrea ezkutatu. Ibilgailuen zirkulazioa Tranbia kaletik bideratzea zuten helburu, baina azken orduko erabaki politiko batek dena zapuztu zuela kontatu du Arrietak: «Hilabetetan landuriko eta adosturiko egitasmoa zakarrontzira bota zuten. Tranbia kaleko bizilagun batzuek sinadura bilketa bat egin zuten, guk proposatzen genuenaren aurka. 2.800 bat sinadura erregistratu zituzten udaletxean, baina ez dakigu nondik atera zituzten. 2015eko udal hauteskundeen kanpainan PSE-EEk bizilagun horien eskaera aintzat hartuko zuela adierazi zuen. Horrela, EAJrekin udal gobernua osatu zutenean, proiektua korrika eta presaka aldatu zuten, zirkulazioa Martutene pasealekutik bideratzeko. Ernesto Gasco sozialista izan zen horren arduraduna, eta Eneko Goia alkateak badaki». Horrekin batera, autokritika egin nahi izan du auzo elkarteko presidenteak: «Ez genuen asmatu, mahai gainean ez genuelako kolpe bat eman. Lau pertsonak nahi zutena inposatu ziguten».
Marie Curie parkearen parean geratu gara, eta Tranbia kalearen bukaeran dagoen behin-behineko biribilgunearen egoera «tamalgarria» ikusi dute bidelagunek. Martutene pasealekuko zirkulazioa egokitzeko lanekin lotu du Arrietak: «Hemen jarri ziguten scalextric honek [Arantzazuko Ama ikastolaren, Trinkete tabernaren eta Villa Oyon eraikinaren arteko bihurgune itxiari erreferentzia eginez], biribilgunea berritzeko proiektua baldintzatu zuen. Izan ere, proiektua aldatu behar izan zuten. Udalari ohartarazi genion Dbuseko autobusek ezingo zutela bihurgunea ondo hartu, eta arrazoia eman ziguten. Ondorioz, proiektua aldatu eta diru gehiago gastatu zuten. Horrela, URA diru gabe geratu zen biribilgunea berritzeko».
Arantzazuko Ama ikastolaren sarrera ikusten da Marie Curie parketik. Hain zuzen ere, Martutene pasealekuko segurtasuna hobetzeko neurri batzuk hartu ditu udalak. Gogoratu behar da 2022ko urtarrilean auto batek talka egin zuela ikastolaren hesiaren kontra. Istripuaren ondorioz, Martutene Bizirik plataforma sortu zuten hainbat gurasok eta bizilagunek. Ikastola inguruko segurtasuna hobetzeko neurriak eskatu zizkioten udalari, eta neurri horietako batzuk jarri dituzte. Esaterako, ikastolaren sarbide ondoko espaloia pixka bat zabaldu eta barandilla bat jarri dute, eta sarreraren pareko zebrabidea pixka bat altxa dute ibilgailuen abiadura gutxitzeko. Maite Barron Martutene Bizirik plataformako kidea pozik dago hobekuntzekin, baina segurtasuna bermatzeko oraindik neurri gehiago behar direla uste du: «Abiadura adierazten duen semaforo bat eskatu genuen. Baita ere espaloia eta errepidea bereizteko barandilla edo pibote batzuk. Izan ere, haurrak ikastolatik ateratzen direnean, berehala hanka bat jartzen dute errepidean».
Arrietak beste hobekuntza bat aipatu du: Dbizi geltokia. «Sistema berrituko zutela adierazi zutenetik, berehala auzo elkartearekin jarri ziren harremanetan. Geltoki bat jarriko zutela ziurtatu ziguten, eta Marie Curie parkearen ondoan jarri zuten, Tranbia kalean. Aitortu behar dugu ondo funtzionatzen ari dela», azaldu du Arrietak.
Gasolindegia zena, aparkaleku
Parkea atzean utzi, eta Mendiburu gasolindegia izandakora iritsi gara. 2018ko apirilean itxi zuten, eta ordutik aparkaleku gisa erabiltzen dute auzotarrek. 2022ko urtarrilean gasolindegiaren lursailari erabilera aldatu zioten, etxebizitzak eraiki ahal izateko. Ordea, proiektua aurrera eramateko jabeari baimen batzuk falta zaizkiola adierazi du Barronek: «Udalak ez dio erraztasunik eman, eta gasolindegia zenaren egoera gero eta okerragoa da». Dbusek bi geltoki ditu gasolindegiaren lursailean, eta horien etorkizuna «airean» dagoela gaineratu du: «Biak kenduko dituztela uste dugu».
Bidelagunek maiz aipaturiko biribilgunea gasolindegitik metro batzuetara dago. Arrietak esan du bien artean ere lotura bat dagoela: «Biribilgunea gasolindegiko hirigintza proiektuarekin lotu zuten, 2018an. Horrek biribilgunea berritzeko asmoa atzeratu zuen, eta udalari eskatu genion biribilgunea proiektutik ateratzeko, ahalik eta azkarren berritu zezaten. Kasu egin ziguten, baina pandemia iritsi zen. Azkenik, iazko azaroan berreskuratu zuten proiektua, eta proposamena aurkeztu ziguten. Ez zitzaigun egokia iruditu. Izan ere, udalak lurzoru publikoan egin nahi du biribilgunea, lurzoru pribatu bat desjabetu behar ez izateko. Gainera, bi errei dituen biribilgunea aurreikusten du udalak, eta sarrera zein irteerak errei bakarrekoak dira. Beraz, une honetan, biribilgunea berritzeko proiektua guk atzeratu dugu, baina gauzak ondo egin behar dira».
Errepidea gurutzatzeko unea da. Beste aldean, duela hilabete batzuk itxitako Ojeda liburu denda dago. Asko dira azken urtetan Martutenen itxi dituzten establezimenduak, eta kezkatuta erreparatu diote bidelagunek liburu denda zenari. Pausoa bizkortuta, Arantzazuko Ama ikastolaren Lehen Hezkuntzako eraikinaren aurreko plaza zabalean gelditu gara. «Haurrentzako bi parkeak berritu izana da beste hobekuntzetako bat. Dena dela, ez dakit parke hauek diseinatzerakoan haurrei galdetzen dieten. Antzekoak dira, eta aurretik zegoen egurrezko parkea berritu ordez, aisialdirako aukera berdintsuak eskaintzen dituzten bi jarri dituzte», dio Barronek.
Ikastola aipatuta, duela pare bat hilabete, BHI eraikinaren atzealdean segurtasuna hobetzeko lan batzuk egin zituen udalak. «Espaloia zabaltzeko aparkaleku batzuk kendu dituzte, eta loreontzi zabal batzuk jarri. Ea behar bezala mantentzen dituzten», esan du Arrietak. «Aldiz, Eusko Jaurlaritza arduratu da ikastolaren patioa berritzeaz, udalari zegokion arren», gaineratu du Barronek.
Barkaiztegi, ahaztuena
Pilar auzunea da auzoaren bihotza, eta han daude Martutenen zabalik dauden establezimendu apurrak: harategiak, tabernak, dendak eta supermerkatu bat, besteak beste. Sarroeta auzo elkarteak ere han du bere egoitza txikia. Bertatik bertara ezagutu ondotik, Pilar auzunetik Barkaiztegiko eremura iristeko oinezkoen pasabidea gurutzatu dugu. Ordea, oraindik eraiki gabe dagoen beste pasabide bat falta da trenbidea gainetik gurutzatu eta Barkaiztegira iristeko. Beraz, Martuteneko tren geltokiraino joan behar izan dugu, eta ibilgailuentzako zubibidea erabili dugu igotzeko. «Martutene ahaztua badago, Barkaiztegi ahaztuago. Gutxi gara, 50 bat biztanle, eta badirudi ez garela inor», dio Peio Irizarrek, Barkaiztegi sagardotegiko arduradunak.
Adifek duela bi urte iragarri zuen ibilgailuen zubibidea aldatuko zuela, baina oraindik ez dute proiekturik onartu. «Bitartean, Barkaiztegin bizi garenak egoera txarrean dagoen errepide bat erabili behar dugu. Bihurgunetik aurrera ez dago espaloirik, eta bide erditik aurrera ezta argiztapenik ere. Bide estua eta arriskutsua da, lursail pribatu batean dagoen mendi magal batetik harriak erori zirelako. Semaforoak jarri zituzten zirkulazioa erregulatzeko eta segurtasuna bermatzeko, baina ez da nahikoa. Errepidea egoera kaskarrean dago, eta duela gutxi adineko bizilagun bat erori eta zauritu egin zen», azaldu du Irizarrek. Gainera, trenbide ondoan txabola batzuk daude, eta Eusko Jaurlaritzaren jabetzako Agustindarren ikastetxe zaharrean etxerik gabeko pertsonek lo egiten dute. «Gauean beldurra ematen du hemendik pasatzeak, etxerik gabeko pertsona batzuekin pasarte larriak gertatu direlako», gaineratu du Irizarrek.
Lehentasunak
Barkaiztegitik jaitsi eta zubira itzuli orduko, Martuteneren beharrak eta lehentasunak zerrendatu dituzte bidelagunek. «Orokorrean, segurtasun faltak kezkatzen gaitu. Batez ere, auzoko haurren eta adinekoen segurtasunak», adierazi du Barronek. «Ikastola inguruko segurtasuna bermatu behar da. Villa Oyon eraikinarekin zerbait egin behar da, egoera kaskarrean dago, haurrak hara sartzen dira jolastera eta ezbeharren bat gertatu daiteke», nabarmendu du Arrietak. «Martutene pasealekuko eta ikastolako haurren segurtasuna bermatzeko, zama astuneko ibilgailuak handik pasatzea debekatu behar dute. Seinale bat jarrita dago biribilgunearen ondoan [3,5 tonako ibilgailuentzat], baina kamioi asko pasatzen dira egunero. Udalak dio ez direla pasatzen, baina kamioiak egunero ikusten ditugu», adierazi du Barronek.
Barkaiztegiko egoera konpontzea ere «ezinbestekoa» dela dio Irizarrek, eta auzo elkartearen proposamen bat gogoratzeko aprobetxatu du Arrietak: Martuteneko tren geltokia lekualdatzea. «Ibaiak eta trenbideak zatitzen duen auzoa lotzeko ezinbestekoa da metro batzuk mugitzea, oinezkoentzako pasabidea dagoen lekuraino. Horrekin batera, trenbide gaineko pasabide berria eraiki beharko litzateke», azaldu du auzo elkarteko presidenteak.
Bidelagunak agurtzeko unea iritsi da. Azken legealdian lortu ez dutena, maiatzaren 28ko udal hauteskundeen ondoren lortzeko itxaropena agertu dute. Horretarako, hiru gauza eskatuko dizkiote hurrengo udal gobernuari: «Konpromisoa, informazioa eta bitartekaritza». Martuteneko eragileen eta erakundeen arteko harremana indartu zuten uholdeei aurre egiteko proiektuarekin, eta hori bera nahi da auzoaren gainerako arazoekin lortu nahi dutena.