Beagrie, Donostiako gauean galduta
Gauak, edo gauean edandakoak, nahastu egiten ditu pertsona batzuk; batzuk ez dira isiltzen, batzuk dibertigarriago bihurtzen dira, batzuk oldarkor jartzen dira eta, zergatik ez, baten batek motor bat hartu eta hotel bateko leihoa zehartzen du, bere hotela delakoan.
Peter Beagrie, 1990eko hamarkadan, Evertoneko jokalari zenean. (Argazkia: Everton) Hiru hamarkada pasatu dira, baina ziur donostiarren batek oraindik gogoratzen duela Evertoneko jokalari bat Donostian parrandan atera eta hurrengo egunean albiste izan zenekoa; agian, lerro hauek irakurtzen ari den baten batek parrandan ere ikusi zuen jokalaria gau hartan.
1991ko abuztua zen, eta Everton talde ingelesa Donostiara etorri zen, Realaren aurka lagunarteko partida bat jokatzera. Neurketaren ondoren, Evertoneko hainbat jokalari Donostiako tabernak ezagutzera atera ziren, tartean Peter Beagrie hegaleko jokalaria (Middlesbrough, Ingalaterra, 1965).
@UpshotTowers Twitterreko erabiltzaileak istorioa berreskuratu du berriki, eta, azaldu duenez, “garagardo kontinentalak eta koktel ontzi ikaragarriak edan ondoren, Beagriek gainerako taldekideak galdu zituen”.
Ezagutzen ez zuen hiri batean galduta eta edanda, hotelera itzultzen saiatu zen, baina erabat galduta ibili zen Donostiako kaleetatik. Halako batean, motoan zihoan herritar bat geldiarazi eta hotelera eramateko eskatu zion. Zumalakarregi hiribidean zegoen San Sebastian hotelera iritsi ziren, baina itxita zegoen. El Diario Vasco egunkariak 1991ko abuztuaren 15ean jaso zuenez, jokalariak hotelaren atea eta txirrina behin eta berriro jo zituen, baina ez zion inork ireki; 04:45ak ziren. Motoaren jabea gauza bera egitera joan zenean, ordea, ez zuen ideia onik izan Beagriek: motoa hartu, sarrerako eskailerak igo eta zuzenean hoteleko leihoetako baten kontra joan zen, moto eta guzti.
Udaltzaingoa eta Gurutze Gorria bertaratu ziren, eta Gurutze Gorriaren Antiguako zentrora eraman zuten Beagrie, zauri larririk ez bazuen ere, ezkerreko besoan egin zituen zauriak sendatzeko. El Diario Vasco-ren albisteak dio ez ziotela punturik jarri behar izan, baina @UpshotTowers-ek dio 50 puntu jarri zizkiotela. Bestalde, Beagrieren klubak 2.000 libera esterlina ordaindu behar izan zituen (orduko 400.000 pezeta), jokalariak hotelean eragindako kalteengatik.
Hori gutxi balitz, istorioak ezusteko beste biraketa bat dauka: Everton taldea ez zegoen San Sebastian hotelean ostatu hartuta, beste hotel batean baizik. Gauak zeharo nahastu zuen Beagrie jauna, bai horixe.

