Bera Berak ligako titulua etxekoei eskainiko die
Matematikoki ligako titulua ziurtatu zuen atzo Bera Berak eskubaloi taldeak. Atletico Guardesi irabazi ondoren (20-27), denboraldiko lehen helburuak bete ditu. Batetik, liga eskuratzea, eta, bestetik, Europako ligara zuzenean sailkatzea. Lorpenak etxekoekin konpartitzeko, beste partida bat izango dute bihar Gaska kiroldegian. Porriño hartuko dute 18:00etatik aurrera.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek bigarren garaipena jarraian lortzeko aukera du etzi, Gironaren pistan. Liga bukatzeko lau jardunaldi baino ez dira falta, eta, une honetan, hamabigarren tokian daude behera begiratzeko beldurrarekin. Beraz, irabazteak bakarrik balio dio Donostiako taldeari mamuak uxatzeko.
Futbolean, Realeko neskek soilik jokatuko dute asteburuan. Zehazki, Levanteren zelaian ariko dira etzi. Alavesen kontrako euskal derbia irabazita, garrantzitsua izango litzateke txuri-urdinentzat Levante mendean hartzea. Aukeran, golak sartuta eta jaso gabe.
Izotz hockeyan, Txuri Urdinek kopako final-laurdenetako bigarren partida jokatuko du bihar Puigcerda arerio zailaren pistan. Lehen jardunaldiko neurketa irabazita, donostiarrek lorturiko konfiantza horri eutsi beharko diote.
Eta belar hockeyan, Realeko neskak kopa jokatzen ari dira egunotan Madrilen. Atzo, Sanse Complutense kanporatu zuten (0-2), eta bihar jokatuko dute kopako finalerdian, 11:00etan.
PARTIDAK
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 20. jardunaldia
- Bera Bera – Porriño (larunbata, 18:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 27. jardunaldia
- Girona – Ibaeta Basket (igandea, 18:00)
Futbola
Emakumezkoen liga, 23. jardunaldia
- Levante – Reala (igandea, 18:00)
Izotz hockeya
Gizonezkoen kopako final-laurdenak, bigarren jardunaldia
- Puigcerda – Txuri Urdin (larunbata, 22:00)