EH Bilduren egoitzaren aurrean gerraren kontrako protesta egin du Kontseilu Sozialistak
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek protestak egin dituzte ostegunean Espainiako Gobernua osatzen duten eta berau “sostengatzen” duten alderdien egoitzen aurrean. Donostian EH Bilduren egoitzaren aurrean elkartu dira hainbat lagun.
Salatu dutenez, “Espainiako Gobernuak eta hura babestu duten taldeek gerra bultzatu eta miseria hedatzen dute” eta “alderdi horiek guztiek NATOren finantzazioan eta, oro har, eskalada militarrean duten ardura” seinalatu dute. “Haiek babestu dituzten azken urteko aurrekontu orokorrek %26 areagotu dute gastu militarra, eta, Ukrainako gerra finantzatzeko, NATO indartzeko eta, oro har, gerra-testuingurua sakontzeko helburua dute”.
Azken hilabeteetan Espainiako Estatuaren “gerrazalekeria areagotu baino ez da egin”, Kontseilu Sozialisten esanetan: “Horren erakusle dira Ukrainako gerrara bidalitako Leopard tankeak edota armagintzara bideratutako diru-partidak”. Espainiako Estatua eta, orokorrean, “Mendebaldeko bloke inperialista” gerra finantzatzen ari dela nabarmendu dute, bai eta modu argian “gerrarako prestatzen” ari dela ere.
“Parlamentuko alderdi politiko guztiek, eskuinetik ezkerrera”, jarrera berdina hartu dute gerrari dagokionez eta “bat egin dute NATOren agenda militaristarekin”, Kontseilu Sozialistek gaitzetsi dutenez. Zentzu horretan, azpimarra egin diote “haien burua ezkerrekotzat daukaten alderdien” hautuari: “Gerra-aurrekontuak onartu dituzte, eta, orain, haien burua zuritzeko eta gerraren aurka lerratzen den oinarri elektorala engainatzeko asmoz, zenbait politika zehatzez kexu dira”. Kontseilu Sozialistek iritzi diote, ordea, kexa horiek “ez doazela inora”: “Gerra-aurrekontuak eta gobernua bera inpugnatu ezean, itxurakeria besterik ez dira”.
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek hiru manifestazio antolatu dituzte hurrengo asterako, NATOren kontra, gerra eta basakeria kapitalista gelditu lelopean. Martxoaren 31n Baionan deitu dute mobilizatzera, eta apirilaren 1ean, berriz, Gasteizen eta Iruñean.