Groseko auzo elkartea ere Okendo Alde proiektuaren kontra
Hondarpe Groseko auzo elkartea Okendo Alde proiektuaren eta honek dakarren hiri ereduaren aurka agertu da, eta herritarren parte hartzea bermatuko duen prozesua martxan jartzea eskatu dute, “bizilagunek auzoaren etorkizunari buruz erabaki” ahal izateko.
Indarrean dagoen plangintzak, “Manteoko lurzoru publikoan ekipamendu komunitarioen azalera mugatu bat” aurreikusten duela adierazi dute, eta horregatik, ez zaie egokia iruditzen “lurzoru publiko hori lagatzea, erabilera pribatua izango duen eraikin bat ezartzeko, auzoko berdegune bakarra suntsitu eta Gros auzoak jasaten dituen turistifikazio eta etxebizitza arazoak areagotuz”.
Turistifikazioarekin auzoak duen egoeraz larrituta dago auzo elkartean: “Parte Zaharrarekin batera, Gros da etxebizitza turistiko gehien dituen auzoa, eta putre funtsen presioa gero eta handiagoa da higiezinekin espekulatzeko. Merkatari txikiei ere lokalen alokairuen prezioak garestitu besterik ez zaizkie egiten, haien bideragarritasuna arriskuan jarriz eta frankiziei ateak irekiz”.
Bestetik, Gros auzoak duen “berdeguneen defizit larria” ekarri dute gogora, eta nola Manteoko eta Zemoriako parkeak dira funtzio hori betetzen duten bakarrak. Bertan dauden 60 urte inguruko 100 zuhaitz baino gehiago daude, auzoko herritarren bizi-kalitatean laguntzen dutenak.
Basque Culinary Centerren egoitza berriaz gain, Mariaren Bihotzan egingo duten hotela eta Marrutxipiko sahihesbidearen lounea aipatu ditu auzo elkarteak, auzoko turistifikazioa eta trafikoa handituko dituztelakoan: “Udalak halako erabakiak hartuz, Gros turismoaren mesedetan jartzen du behin eta berriro, zalaparta handirik sortu gabe auzotarron bizimodua gero eta zailagoa bilakatuz”.