Mina dakar Sara Zozayaren 'Misty' kanta berriak
Sara Zozaya musikaria (Amara, 1995) bueltan da. Eta nola. Kanta gordin eta indartsu bat kaleratu berri du, ohikoa duen giro intimistan, baina mina erdigunean jarriz.
Zozayak berak azaldu du kantua “oso intentsua” dela, eta garaia ezberdinetan bizitako hainbat emozio barnebiltzen dituela letran. Desamodio istorio bat dago, baina baita beste istorio bitxi bat ere. 15 urte zituela, Ingalaterrako etxe batera joan zen, bertako familia batekin, eta etxe horretan “oso giro txarra” zegoela oroitu du. Bakarrik eta gaizki sentitzen zen arren, salbatzaile bat izan zuen: Misty izeneko txakurra. Garai hartan, kasik bere babes bakarra izan zela azaldu du, eta horregatik jarri dio kantari bere izena.
Istorio bitxiekin jarraituz, Zozayak azaldu du nola bere lagun argazkilari Maria Muriedasen txakurrari argazkiak atera zizkiotenean konturatu zen Nara izena zuela. Bada, kasualitatez, hori izango da urrian kaleratuko duen disko berriaren izena: Nara.
Hainbat esanahi ditu hitzak –tartean, Japongo hiri bat–, baina Sara gehi ‘n’ letra elkartzetik dator. Azaldu duenez, Sara eta bere bizitzan zehar izandako bizipenengatik izandako ikuspegia batuta sortzen da Nara.
Urriaren 20ean kaleratuko du, beraz, lan luzea, eta, bitartean, singleak eta bideoak kaleratuko ditu. Lehena, Misty mingarri bezain zoragarri hau: “Ondo dago gaizki egotea”