Asteazkenean irekiko dute Behobia-Donostian izena emateko aukera
Hilaren 29an, eguerdiko 12etan irekiko dute 58. Behobia-Donostia lasterketan izena emateko lehen fasea. Ohiko parte hartzaileek –azken bost urteetan hiru aldiz atera direnek– izena eman ahal izango dute apirilaren 25era arte, 5 euroko deskontuarekin.
Bigarren fasea, izen-emate orokorrarena, maiatzaren 3an irekiko da. Ohikoa ez denak, dortsal solidarioa –izen-ematea 50 euro + gutxienez 7 euroko dohaintza– eta pakete turistikoa –dortsala eta alojamendua– eskuratu ahal izango ditu.
Iaz moduan, Rural Kutxarekin elkarlana sustatu du Behobiak, eta izena emateko, azken urratsean dohaintza bat egin ahal izango zaio Atzegiri, Adimen Urritasuna duten Pertsonen aldeko Gipuzkoako Elkarteari.