EH Bilduren "erronka nagusia" izango da "donostiarrek euren bizi proiektuak Donostian garatu ahal izateko aukerak sortzea"
Juan Karlos Izagirre alkategaiak Groseko bizilagunekin partekatu ditu "auzoak dituen arazo larriei aurre egiteko proposamenak".
Maiatzeko udal hauteskundeei begirako ekitaldia egin du EH Bilduk Groseko Katalunia plazan. Han izan dira Juan Karlos Izagirre alkategaia eta hauteskunde zerrendako hainbat kide; tartean, Olaia Duarte, Ricardo Burutaran eta Izar Hernando. EH Bilduren udal gobernuaren “erronka nagusia” zein izango den adierazi die Izagirrek Groseko bizilagunei: “Donostiarrek euren bizi proiektuak Donostian garatu ahal izateko aukerak sortzea”.
Groseko ekitaldian, alkategaiak berretsi du bere helburu nagusietako bat “donostiarrei etxebizitza eskuratzeko aukera bermatzea” izango dela, eta horretarako “hiriak behar duen etxebizitza politika” garatzeko konpromisoa hartu du. Ildo beretik, Izagirrek ondorengo konpromisoa hartu du: “Etxebizitza promozio berrietan etxebizitza publikoaren portzentaia gutxienez %50era eramango dugu eta portzentaje hori maximoetara igoko dugu lur publikoan eraikitzean”.
Izagirrek esan du etxebizitza bat eskuratzea ez dela donostiar gehienentzat aukera bat, eta auzo zein eremu batzuetan zailagoa da. Gros adibide gisa jarri du. Horrela, udal gobernura iristekotan hartuko duten lehen neurrietako bat izango dela “hiria etxebizitza tentsionatuko eremua izendatzea”. Neurri horrekin, alokairuaren prezioari muga jarri ahal izango diotela azaldu du Izagirrek: “Horrelako neurririk hartzen ez bada, prezioak igotzen jarraituko du.
Putre funtsak
Aipaturiko neurriarekin, putre funtsen sarbidea ere mugatzea lortuko dutela adierazi du Izagirrek. Izan ere, putre funtsek erositako etxebizitza asko hutsik geratzen direla ohartarazi du, eta udalak “bidezko prezioan merkaturatzea” sustatu dezakeela. “Horretarako, etxebizitza hutsen erregistroa sortzea da aurretiazko funtsezko urratsa. Orain arte egungo udal gobernua ez da arduratu gai horri heltzeaz. Bilbon eta Gasteizen dagoeneko egin dutela erregistro hori”.
Horrekin batera, etxebizitza turistikoen “saturazioari” aurre egiteko, Grosen eta Donostiako kostalde osoan “beste urrats bat” egin behar dela nabarmendu du: “Azken urteotan ohartarazi dugun moduan, ez guk bakarrik, baita udal teknikariek ere, etxebizitzaren prezioaren igoera zuzenean lotuta dago alojamendu turistikoen kopuruarekin”.
Etxe turistikoen “saturazioa” saihesteko hiru neurri ezartzeko konpromisoa hartu du EH Bilduren alkategaiak: “Lehen solairuko araua lehenbailehen berrezarriko dugu. Saturazio horizontaleko muga ezarriko dugu, ostalaritzarekin egiten den moduan, eta gutxieneko distantzia bat ezarriko dugu etxe turistikoen artean. Eta etxebizitza turistikoen lizentzien iraungipena aztertuko dugu”.
Izar Hernandok ere hartu du hitza Groseko ekitaldian. Azaldu du Grosen etxebizitzaren arazoa “inoiz baino larriagoa” dela, “prezio neurrigabeekin, presio turistiko handiarekin eta, gainera, Donostiako auzo bakarra da non ez dagoen etxebizitza publikorik”. Eta azken egunetan argitaratu den Gipuzkoako Foru Aldundiaren txostena ekarri du gogora. Txostenak jasotzen duenez, 2010etik 2020ra 18 eta 34 urte bitarteko 3.375 gaztek Donostiatik alde egin behar izan dute. “Kanpora bizitzera joan behar izan dute ezin zutelako bertan beraien bizi proiektua egin etxebizitzaren prezioak altuegiak direlako”, adierazi du Hernandok.