Greba hasi dute GAES Amplifon enpresako langileek
GAES Amplifon enpresako langileek astebeteko greba hasi dute gaur. Zerbitzu soziosanitarioak eskaintzen dituzten Gipuzkoako merkataritzako langileak dira, eta lan hitzarmena 2008tik berritu gabe dagoela salatu dute. Haien lan baldintzak eta soldatak eguneratu gabe daude orduz geroztik, eta azken urtean enpresari egoera hobetzeko hainbat proposamen egin dizkioten arren, behin eta berriz ezezkoa jaso dute.
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, GAESen Gipuzkoako hainbat denda itxita egon dira goizean, eta probintzia mailako protesta egin dute Donostian. Groseko dendatik abiatu eta Erdialdekora joan dira. Enpresak 20 zentro eta 40 langile inguru ditu Gipuzkoan, eta gehien-gehienek bat egin dute deialdiarekin.
Orain arte, Gipuzkoako langileek aukeratutako ordezkaritza sindikala –LABena–, probintzia mailakoa zen. Dena dela, 2021ean, nazioarteko enpresa batek GAES erosi ondoren, negoziazio esparrua estatu mailara aldatu zen, eta bertako langileen aldarrikapenak gutxiengoa izatera pasatu ziren; izan ere, estatuan, batzorde bat osatzen duten sindikatu nagusiak daude, eta langile guztiei eragiten dieten lan arloko erabakiak hartzen dituzte. Sindikatuen arteko batzorde horretan ez dute ordezkaritzarik LABek eta Gipuzkoako langileek.
Azken egunotan hainbat bilera egin dituzte enpresa zuzendaritzarekin, euren lan baldintzek okerrera egitearen inguruan dituzten kezken berri emateko: “Gure eskaerak beti baztertu izan dira. Gure aldarrikapenei dagokienez, oso argiak dira: benetako negoziazioa nahi dugu Gipuzkoako langileentzat, gure egoera soziala eta laborala kontuan hartuko duena, gure lurralde errealitatearekin bat etorriz”. Gipuzkoako metalaren merkataritzaren hitzarmen kolektiboa errespetatu eta aplika dadin eskatzen dute. Baina, era berean, soldaten berrikuspena eta eguneratzea ere bai, gaur egun pairatzen duten errealitate ekonomikoaren arabera (KPIaren gaineko soldata igoerak, alegia).