"Harro gaude Bilintxen espiritu liberala ordezkatzeaz, moderatua eta kosmopolita"
Marisol Garmendia PSE-EEko alkategaiak maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako sozialisten zerrenda aurkeztu du.
Parte Zaharreko Zuloaga plazan ekitaldia egin zuen atzo Donostiako PSE-EEk. Aurkezlea Jesus Egiguren izan zen, hauteskunde zerrenda ixten duena. Marisol Garmendia alkategaiak eta zerrenda sozialistako lehen hamabi kideek parte hartu zuten.
Garmendiak adierazi zuen Donostiak laster lehen emakumezko alkatea izango duela, eta sozialisten proposamen hirirako garai berri bat eraikitzea dela. “Aldaketa garai lasaia, lidergo berria, hurbila eta entzuten dakiena”, izango dela nabarmendu zuen.
Horrekin batera, hauteskunde zerrendari buruz ondorengoa esan zuen: “Hautagaitza sozialista berritu bat da, hiria gidatzeko, lanbide, adin, auzo desberdinetako emakume eta gizon konprometituz osatua, Donostiako hiria bezain plural eta askotarikoak; harro gaude Bilintxen espiritu liberala ordezkatzeaz, moderatua eta kosmopolita, Donostiako hiriaren ezaugarri izan dena”.
“Lidergo berria”
Garmendiaren esanetan, sozialistek “pasioz eta hiri anbizioz” gidatu nahi dute hiria berriz ere: “Batez ere, donostiarrekiko gertutasunez, enpatiaz, apaltasunez eta errespetuz. Zentzuz eta pertsonei entzunda, hiriaren erronkei aurre egiteko modurik onena da”. Gaineratu zuenez, “tinko sinesten du Donostian eta herritarrengan”, eta “aro berri baten buru” izango dela adierazi zuen: “Aukera bakarra lidergo berri bat da, lidergo ezagun eta agortu baten aurrean”.
Alkategai sozialistak bere asmoen berri ere eman zuen. Esaterako, hiria gaztetzearen eta gazteei erabakitzeko eskubide nagusia eskaintzearen alde agertu zen: “Donostian bizitzen geratzea, enplegua eta etxebizitza alokairuan prezio eskuragarrietan aurkitzea. Gazterik gabe Donostiak ez du aurrera egingo. Eta hori, adineko pertsonak ahaztu gabe, behar bezala artatu eta aktibo sentitu behar direnak, hiriaren garapen ekonomikoan laguntzeko mundu osotik etorritako donostiarrak behar dituen hiri batean integratuta”.
Horrez gain, Garmendiak aipamen berezia eskaini zien emakumeei: “Emakumeok asko dugu erabakitzeko eta ekarpenak egiteko proposatzen dudan lidergo berri honetan. Donostiarren %53 gara, eta borrokan jarraitu behar dugu eskubide eta aukeren alde, berdintasunaren alde, kristalezko sabaiak apurtzearen alde, indarkeria matxista desagerraraztearen alde, eta hori lortzeko, denekin kontatu behar dela”.
Erdialdeko zirkulazio aldaketen harira, Garmendiak egindako kritikek polemika piztu duten arren –erabaki horiek hartu dituen udal gobernuko kidea da alkategai sozialista–, ñabardura batzuk eskaini zituen atzoko ekitaldian. Garmendiaren ustez, mugikortasunean egindako aldaketek ez dituzte “alde guztiak” aintzat hartu. “Horregatik, alkate naizenean, San Martin eta Urbieta gisako eremuetan zirkulazio aldaketak lehengoratuko ditut, eta entzute eta adostasun prozesu bat irekiko dut Mugikortasun Plan bat egiteko, zentzutasunetik abiatuta.