Lehenengo urteurrena ospatu dute Amara Berriko kaleko afari solidarioetakoek
Kaleko Afari Solidarioak egitasmoko Amara Berriko taldeak urtebete baino gehiago darama dagoeneko gauero afari beroak banatzen, eta larunbatean ospatu zuten urteurrena. 2020ko azaroan, zaurgarritasun egoeran zeuden pertsona batzuei afariak banatzen hasi ziren Parte Zaharrean, egitasmoa handitzen joan zen, eta Egiara zabaldu zen. Duela urtebete, hirugarren taldea sortu zen; Amara Berrikoa, hain zuzen ere. Amara Berrin 35 bat lagunentzako afariak banatzen dituzte egunero, gutxi gorabehera.
Auzotik kalejira bat eginda hasi zuten ospakizuna, egitasmoa laguntzen duten establezimenduei eskerrak emanez. Urteurrenaren ospakizuna ramadanaren lehenengo egunetan egin zutenez, barauaren amaierako otordua egin zuten iluntzean, Ferrerias plazan, eta jende ugari bildu zen, giro ederrean. Ondoren, mikrofono irekia egon zen eta askotariko jolasetara jolastu ziren.
Gogoratu behar da Kaleko Afari Solidarioak egitasmoan parte hartzen duten herritarrak boluntarioak direla, eta modu autogestionatuan antolatzen direla: euren etxeetan kozinatzen dute, beraien kabuz banatzen dituzte afariak eta beraiek ordaintzen dituzte elikagaiak, kozinatzeko kontsumitzen duten energia, eta abar. Hiru auzoetako datuak aintzat hartuta, egunero 150 lagun inguruk afaltzen dute boluntario horien lanari esker.