Udal hauteskundeei buruzko mahai ingurua egingo dute Loiolako Erriberan
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeak direla eta, mahai inguru bat antolatu du Loiolako Erriberako bizilagunen elkarteak Donostiako Udalean ordezkaritza duten bost alderdietako politikariekin. Horretarako, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Donostia, PSE eta PP alderdietako kideak martxoaren 30an elkartuko dira auzoko Iesu elizan, 19:00etan.
Bizilagunen elkarteak adierazi duenez, parte hartzaileek beraien alderdiek zein hiri proiektu dituzten azalduko dute, eta baita datozen lau urteetarako Loiolako Erriberarako zein egitasmo aurreikusten dituzten ere.
Horrez gain, auzotarrek beraien zalantzak eta eskaerak azaldu ahal izango dizkiete alderdi politikoetako ordezkariei.