Dbiziren 23 geltoki misto gehiago jarriko dituzte
Uda honetan Donostiako bizikleten alokairu sistema hiriko eremu gehiagotara zabalduko du udalak. Besteak beste, Altzara, Bidebietara eta Añorgara.
Gaur egun, Dbizi sistemak 47 geltoki ditu, eta 120 bizikleta elektriko eta 317 bizikleta mekaniko. Erabiltzaile finkoak, berriz, 8.300 inguru dira. Sistema berria abian jarri zenean, Donostiako Udalak bi fase izango zituela iragarri zuen, eta bigarrenaren txanda iritsi da. Hain zuzen ere, udan orain arte zerbitzurik ez zuten auzoetara zabalduko da.
Guztira, 23 geltoki misto gehiago jarriko dituzte, eta beste 257 bizikleta elektriko gehiago. 390.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute, eta Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendarako Ministerioaren (MITMA) Next Generation Funtsen bidez finantzatzea aurreikusi dute –350.000 euro zehazki (%90)–.
Eneko Goia alkateak nabarmendu du Dbiziren hedapena “albiste oso ona” dela hiriarentzat, herritarrek asko baloratzen duten zerbitzua hobetzea dakarrelako. “Sistema hobetuko da, hirian zerbitzuaren estaldura handiagoa izango baita eta bizikleta gehiago izango baititu, bizikleta elektrikoen flota handituta”, gaineratu du Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak.
Geltoki berriak
Ekialdeko eremuan izango du hedapen garrantzitsuena, geltokirik gabeko auzoak daudelako. Bidebietan bi geltoki jarriko dituzte. Bata auzoaren sarreran, kiroldegiaren inguruan, eta bestea ainguraren biribilgunearen albo batean. Altzan bost geltoki jartzea aurreikusten dituzte: Harrobieta plazaren inguruan, Altzaren goialdean –parte zaharrean–, udal kiroldegiaren inguruan, Buenavistako biribilgunearen inguruan eta Larratxo auzoko sarreran. Azkenik, Intxaurrondon beste geltoki bat jarriko dute, Zubiaurreko tren geltokiaren inguruan.
Mendebalduko eremuari dagokionez, Antiguan eta Ibaetan bost geltoki jarriko dituzte: Matia kaleko sarreraren inguruan, Erregezaintza-Mikeleteen pasealekuaren inguruan, Pio Baroja kalearen erdi aldean, Sert plazaren inguruan eta Berioko goialdearen inguruan. Aieten hiru dira jarriko dituzten geltokiak: Bera Berako merkataritza eta kirol gunearen inguruan, Lugaritzeko biribilgunearen inguruan eta Puio Lanberri inguruan (zehazteke). Añorgan, berriz, Añorga Txikira sartzeko biribilgunearen inguruan jarriko dute geltoki bat, auzotarren eskaerari kasu eginez.
Sistema aipaturiko eremuetara zabalduko denez, sarea indartuko dute Erdialdean, Amaran, Grosen eta Egian. Erabaki hau hartu dute auzoen artean gertatzen diren joan-etorriei erantzun ahal izateko eta erdialdetik gertuen dauden eremuetako geltokietan ainguraleku libreak egon daitezen. Horregatik, eremu horietan geltoki berriak instalatzeaz gain, lehendik dauden geltoki batzuetan ainguraleku gehiago jarriko dira eta garraio publikoaren intermodalitatea indartuko da.
Erdialdean bi geltoki jarriko dituzte, Prim kalea eta Errege-Erregina Katolikoen kalea elkartzen diren lekuaren inguruan eta udaletxearen inguruan. Gainera, hamabi ainguraleku gehiago txertatuko dituzte lehendik dauden geltokietan. Amaran, berriz, beste geltoki bat jarriko dute Aita Donostia plazaren inguruan. Era berean, 18 ainguraleku gehiago txertatuko dituzte aurretik zeuden geltokietan. Grosen beste bi geltoki jarriko dituzte Katalunia plazaren inguruan eta Zuhaizti kiroldegiaren inguruan. Eta, azkenik, Egiaren goialdean beste geltoki bat jarriko dute.
Emaitza oso onak
Azken asteetan Dbizik gogobetetze inkesta bat egin die sistemaren erabiltzaileei, eta inkestaren emaitzak oso onak izan dira, zerbitzuak ondo funtzionatzen duen adierazgarri. Datu horiek hiriko auzoetan bizi diren profil desberdineko eta 16 urtetik gorako 318 erabiltzaileri egindako inkestetatik lortu dira.
Parte hartu dutenei zerbitzuaren hainbat aldagairi –irisgarritasuna, informazioa, erosotasuna, segurtasuna edo ingurumeneko eragina– ematen dieten garrantzia baloratu dute, baita alderdi horietako bakoitzarekin zenbateraino dauden pozik ere. Ondoen baloratu dutena bizikleten eskuragarritasuna izan da. Hau da, geltoki batera iristean bizikleta bat hartzeko eta uzteko aukera. Bestalde, bizikleten garbitasuna bermatzen dela adierazi dute erabiltzaileek.