Hiriko bi ikastetxek patioa irekiko dute eskola ordutegitik kanpo aisialdi osasungarria lortzeko
Donostiako Udalak bat egin du Espainiako Gobernuak sustaturiko Patio irekiak plan onean programarekin. Eskolaz kanpoko jardueren eskaintza bermatzea du helburu, haurrentzako bizimodu osasungarria lortzeko. Aste Santuaren ondoren, programa hori Donostian modu pilotuan jarriko da martxan bi ikastetxetan: Altzako Herrera HLHI eta Intxaurrondoko Hegoa HLHI zentroetan.
Gaur goizean egin dute egitasmo pilotuaren aurkezpena udaletxean. Marisol Garmendia Garapen Ekonomikoko zinegotziak, Ernesto Gasco Espainiako Gobernuarentzat haur pobreziaren aurkako goi mandatariak, Mila Etxeberria Intxaurrondo Hegoa ikastetxeko ordezkariak eta Oscar Diaz CSAI fundazioko presidenteak parte hartu dute.
Aste Santuaren ondoren, hautaturiko bi ikastetxeen patioetan doako jarduerak egiten hasiko dira, astelehenetik ostiralera, bi orduz. Haurrei zuzendutako jarduera dinamizatuak izango dira, langile kualifikatuek zuzendutakoak. Ikastetxeek eta irakasleek aukeratuko dute zein ikaslek izango duten lehentasuna programan parte hartzeko, hain zuzen ere kirol jarduerak egiteko aukera gutxiago dituztelako edo ohitura osasungarriak hartzea indartu behar dutelako.
“Haurrek jarduera fisikoa ingurune seguruetan eta profesionalen laguntzarekin egitea errazteak, haurrei eta haien familiei bizi-ohitura osasungarriak hurbiltzeak, eta, gainera, jarduera horiek bizi diren auzoetako ikastetxeetan egiteak, desberdintasunen murrizketa areagotzen du, eta, horrez gain, eragin positiboa du haurren osasunean eta ongizatean”, azaldu du Gascok.
Garmendiak, berriz, udalak programa honetan parte hartzearen garrantzia nabarmendu du: “Eskola orduetatik kanpo aisialdi eskaintza handitzeko, bizikidetza espazioak handitzeko eta bizimodu osasungarriak sustatzeko balioko du. Haurrentzat espazio segurua da eskola, lagunduta sentitzen dira, eta, horregatik, ikastetxeetako patioak espazio oso interesgarriak dira horrelako jardueretarako”.
Intxaurrondo Hegoa ikastetxeko Mila Etxeberria “oso pozik” agertu da proiektu pilotuan parte hartzeko aukera eskaini dietelako. “Ikastetxea arratsaldetan irekitzeko gogoa genuen. Izan ere, eskola orduak bukatzean haur asko etxera joan ohi dira telebista ikustera. Aisialdi aktiboa bultzatzea ezinbestekoa da ohitura horiek aldatzeko”, esan du Etxeberriak.