Txaparrene pasealekuan oinezkoentzako eta bizikletentzako eremuak bereiziko dituzte
Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak (IZBE) dio oinezkoentzako "pasealeku estu eta arriskutsu bat" utziko dutela.
Donostiako Udalak Intxaurrondoko Txaparrene pasealekua berritzeko proiektua onartu du. Obras Especiales Edificación e Infraestructuras enpresari adjudikatu dizkiote lanak 848.617 euroren truke. Sei hilabete epea ezarri dute obra egiteko.
Pasealekuaren zoladura berritzea eta hobetzea aurreikusten du proiektuak. Era berean, saneamendu lan batzuk egiteko aprobetxatuko dute. Esaterako, kolektoreen egitura eraitsi eta haren ordez hoditeria bereizgarri berriak jarriko dituzte.
Txaparrene pasealekuaren erabilerari dagokionez, Eneko Goia alkateak adierazi du oinezkoentzako eta bizikletentzako eremuak bereiziko direla. Horren inguruan galdetuta, Goiak ez du argitu bereizketa hori nolakoa izango den. Horrela ere, pasealekuko abiadura gutxituko dela esan du.
IZBEren kritika
Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteari (IZBE) ez zaio gustatu udalak harturiko erabakia. Pasa den ostiralean, ohar bat plazaratu zuten Txaparrene pasealekua egokitzeko hartu diren neurriak kritikatzeko. Egun berean hedabide batek proiektuaren xehetasunak aurreratu zituen, nahiz eta gaurko Tokiko Gobernu Batzordeak onartu duen.
“Oinezkoen eta bizikleten zein patinete elektrikoen arteko arazoak zirela eta, Ekialdeko Barrutiko batzordeak aipatutako erabilera desberdinen arteko bizikidetzarako proposamenen azterketa bat proposatu zuen. EAJren, EH Bilduren eta IZBEren arteko akordioa sinatu zen 2021ean. Adostu genuen oinezkoen eta txirrindularien arteko bereizketa fisikorik ez zela egin nahi, baizik eta seinaleak hobetu eta bizikleta eta patinete elektrikoen abiadura moteldu behar duten elementuak kokatu”, gogoratu du IZBEk.
Dena dela, akordio horiei “jaramonik egin gabe” eta “bizilagunen iritzia kontuan hartu gabe”, Obra eta Proiektuetako Sailak bizikleta eta patineteentzako errei propioa proposatu zuela kritikatu dute, “oinezkoentzako pasealeku estu eta arriskutsu bat utziz”.
Pasealekuaren zabalera 4,85 metrokoa da. Bizikletentzako eta patineteentzako errei bat aurreikusi dutenez, oinezkoentzako bakarrik den erabileraren zabalera 2 eta 2,80 metro artean murrizten dela dio IZBEk, oinezkoak kaltetuz: “Espaloi batetik bakarrik pasatu ahal izango dute oinezkoek, eta ez orain arte moduan pasealeku batetik. Bidegorri bat markatzeak esan nahi du bizikletak eta patineteak oztoporik gabe ibiliko direla, eta, beraz, gaur egun baino abiadura handiagoan. Horrek arazoak eragin ditzake parkeko eta haurren jolasgunea dagoen pasealekuko oinezkoen mugimenduekin, hainbat kirol erabileratarako sarbideekin, zubietarako eta oinezkoentzako kaleetarako sarbideekin eta abarrekin”.
IZBEren ustez proposamena berriz aztertu beharko litzateke. “Oinezkoen, txirrindularien eta patineteen arteko koexistentzia irtenbide sinpleago bat proposatu behar da, bizikleten eta patineteen abiadura motelduko duten zuhaitz aulki txikiak jarriz. Iparraldeko Europan duela urte askotatik egiten ari diren konponbideak”, azaldu dute bizilagunek.
Kritiken inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak esan du badakiela IZBE ez dagoela gustura erabakiarekin: “Halere, uste dut egingo denarekin pasealekuko segurtasuna hobetuko dela”.