"Enpresari handien menpeko hezkuntzaren kontra", greba egingo dute ikasleek ostegunean
Hilabete osoa daramate Donostiako Ikasle Abertzaleakeko kideek martxoaren 30ko greba prestatzeko lanetan. Enpresari handien menpeko hezkuntzak miseriara kondenatzen gaitu! lelopean antolatu dute biharko ikasle greba. Hedabide honi igorritako mezuan salatu dutenez, egiten ari diren lan politikoaren aurrean hainbat “oztopo” salatu dituzte, eta “askatasun politikoekiko etengabeko erasoa” gisa ikusten dituzte.
“Ustez bermatuta dagoen greba nahiz mobilizazio eskubidearen etengabeko urraketa eta hainbat zentrotan ikasleek jasan beharreko jazarpena” aipatu dituzte: “Ikasle guztien aurrean umiliazioak jasotzea, zuzendaritzen presio zuzena, traba burokratikoak… Ez da lehenengo aldia Donostian honelako egoerak ematen direla”.
Martxoaren 30eko greba eguna hezkuntza erreformei lotuta dago. Ikasle antolakundearentzat, hezkuntza erreformak ikasleentzat “iruzur hutsak” dira eta, funtsean, “lan munduari erantzuteko konpetentziak barneratzeko” prozesua besterik ez dela salatu dute, “zer pentsatu behar dugun inposatzeraino”. Euskarari dagokionean, euskaraz ikasteko “berme errealik” ez dagoela salatu dute, eta instituzioen euskara politikak “mugatuak” direla.
Ikasleek hezkuntza prozesuaren gaineko erabaki gaitasunik ez dutela salatu dute: “Klase partikularren edo akademiara joatearen beharra horren adibide”. Salatu dutenez, gainera, ikasketak “gero eta norabidetuago daude”, eta aholku orientatzaileak edota batxilergo orokorrak eskaintzen dituen aukeren murriztea horren adibide direla uste dute.
Segregazioarekin amaitzeko beharra nabarmendu du Ikasle Abertzaleakek, baina erakundeek hori dioten bitartean, zentro pribatuen biziraupena bermatzen dela salatu dute. Honen ondorioa “ikasle kapa bat kanporatzea” izango dela salatu dute.
Unibertsitateko eta hiriko ikastetxeetako ikasleek egingo dute greba bihar. Mobilizazioa 12:00etan abiatuko da Ibaetako campuseko ikastegitik.