Hotel eta etxebizitza berrien moratoria beste auzo batzuetara zabaltzeko eskatu du EH Bilduk
Egia, Amara Berri, Intxaurrondo eta Antigua (Arriola) auzoak lizentzien moratoriaren eremuan sartzea proposatu dute.
Donostiako Udal Gobernuak hotel eta etxebizitza turistiko berriak irekitzeko baimenak behin-behinean bertan behera utzi ditu. Horretarako, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatu behar dute, eta horren espedientea hilaren 14an onartu zuen Tokiko Gobernu Batzordeak. Hain zuzen ere, espediente horri zuzenketak aurkeztu dizkio EH Bilduk, eta biharko osoko bilkuran jorratuko dute hotelen eta etxebizitza turistikoen moratoriaren gaia. Egia, Amara Berri, Intxaurrondo eta Antigua (Arriola) auzoak lizentzien moratoriaren eremuan sartzea proposatu dute.
“Udal gobernuak ez die lizentzia berririk emango ostatu turistikoei, urtebetez. Hiri osoan etxebizitza turistiko guztiei ezarri diete moratoria, baina hotelei muga auzo zehatz batzuetan jarri dieten. Horren aurrean, lehenik eta behin, esan behar dugu iragarpena udal hauteskundeetatik 80 egunera egin dutela”, azaldu Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak. “Baimenak etetea bera eta horretarako erabiltzen den justifikazioa Udal Gobernuak azken 8 urteetan egindakoari osoko zuzenketa dela. Hala ere, oraindik ez diogu gutxieneko autokritikarik entzun Goiari. Horregatik, EH Bilduren ustez, lizentzien suspentsioak ez du ezer konponduko, ez bada aldatzen Donostian azken urteotan ezarri diren politika turistikoen norabidea”, gaineratu du Ormazabalek.
Turismo Gida Plana
Udalak duela aste batzuk onartu zuen Turismo Gida Plana (2023-2027) Turismo Sailaren administrazio kontseiluan, “baina udal gobernuak ez du horren berririk eman”. Besteak beste, ondorengoa onartzen duela azaldu du Ormazabalek: “Hazkunde turistikoa izugarria izaten ari dela dio, eta, era berean, onartzen du 2018ko etxe turistikoen ordenantzak ehunka etxebizitza turistiko de facto legeztatzea ekarri zuela. Gainera, ez zituela konpondu etxebizitza turismo salgai bihurtzearekin lotutako arazoak”. Etorkizunari begira, planak dio Christie & Co agentziak hirian eskaintza %19,6 handitzea aurreikusten duela 2023tik 2025era bitartean.
Turismo Gida Planak jasotzen dituen beste gai batzuk ere aipatu ditu EH Bilduko zinegotziak. “Udal gobernuak oraindik ere donostiarrei aurkeztu ez dien turismo politikei buruzko balorazio inkesta jasotzen du planak. Inkesta horren arabera, Donostiako herritarren %67k uste du bisitarien kopuruari dagokionez, goia jo dela eta %35ek nahiago du bisitarien etorrera mugatu. Era berean, biztanleen %38k uste du jarduera turistikoak eragin negatiboa duela, eta %52k bere ohiko aisialdi lekuetatik kanporatuta sentitzen dela. Parte Zaharrera hurbiltzen ez direla onartzen duten donostiarrak gehiengoa dira”, azaldu du Ormazabalek.
Ricardo Burutaran zinegotziak, berriz, azken urteotako ostatu turistikoaren gorakadaren datuak eman ditu. “Goiak, azken zortzi urteotan, 50 lizentzia eman ditu hotelak irekitzeko, eta ondorioz, gaur egun hirian %50 plaza turistiko gehiago daude. Denbora tarte berean, gutxi gorabehera etxebizitzaren prezioa %50 igo da Donostian. Izan ere, bi fenomenoak zuzenean lotuta daude. Eta hori ez da iritzi bat, datu objektibo bat da, nahiz eta Eneko Goiak behin eta berriz ukatu duen azken bi legegintzalditan”, nabarmendu du Burutaranek.