"BCC estrategikoa da guretzat, eta bigarren eraikina aberasgarria izango da gizartearentzat"
Nekane Arzallusek Okendo Aldeko plan berezia babestu du martxoko osoko bilkuran, eta oposizioaren zein herritar batzuen "kontrakotasuna" kritikatu du.
EAJk eta PSE-EEk, udal gobernua osatzen duten alderdiek, gehiengoa baliatu dute Manteoko hirigintza proiektua aurrera eramateko. Plan bereziaren alde bozkatu dute biek martxoko udalbatzarrean. Aldiz, kontrako botoa eman dute Elkarrekin Donostiak eta PPk, eta EH Bildu abstenitu egin da. Onarturikoaren arabera, Basque Culinary Center fundazioaren bigarren egoitza –Gastronomy Open Ecosystem (GOe)– Grosen eraikiko dute, besteak beste.
Hilaren 7an U.01 Manteo-AU.01.4 Okendo-Alde azpieremuaren Hiri Antolamendurako Plan Berezia onartu zuen Tokiko Gobernu Batzordeak, eta argi berdea emateko ezinbestekoa zen martxoko osoko bilkuran onartzea. Horrela gertatu da, eta udal batzar aretoan eztabaida piztu da udal taldeen artean. Aretoan izan dira proiektuaren kontra dauden hainbat herritar eta eragile.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia arduratu da plan bereziaren defentsa egiteaz. “BCC hiri honek duen apustu estrategikoa da. Polo teknologiko eta zientifiko bat da. Zergatik ez Grosen eta Donostian?”, adierazi du Arzallusek. Horrekin batera, planaren inguruan esan diren eta jaso dituzten kritika batzuk zerrendatu ditu. Hala nola, BCCren egoitzaren azpian 100 plazako aparkaleku bat eraikiko dela, Groseko zona berde bakarra suntsitzen dela eta 100 urte baino gehiagoko zuhaitzak moztuko direla. Horiek denak gezurtatu nahi izan ditu. “Lur azpiko aparkalekuak lau plaza izango ditu ibilgailuentzat eta 180 plaza bizikletentzat. Plaza bat sortuko da auzotarrentzat, eta GOe eraikinaren gainetik ibili ahal izango da. Gainera, inguruko irisgarritasuna hobetuko da Nafarroa hiribidea eta Okendo Alde eremua lotu dituen igogailu batekin”, azaldu du Hirigintza zinegotziak.
Planari aurkezturiko alegazioen inguruan ere mintzatu da. “Ez dira 8.000 alegazio aurkeztu, batzuek esan duten moduan. 1.700 inguru izan dira, eta horietatik asko herritarrenak dira. Gainera, %80 bata bestearen kopiak direla esan genezake”, esan du Arzallusek. Ildo beretik, oso kritiko azaldu da proiektuaren kontra agertu diren herritar batzuekin eta udal taldeekin: “Ezin da gauza guztien kontra egin, eta, aldi berean, proiektu bultzatzaileak eskatu hiriarentzat, ekartzen ditugunean horien aurka egiten duzuelako”.
Leku “hobeago” bat
Esan moduan, oposizioko hiru udal taldeak proiektu honen kontra agertu dira, batez ere, BCCren egoitza jartzeko leku “hobeagoak” daudela argudiatuta. Elkarrekin Donostiako Bixente Martinez zinegotziak adierazi du Okendo Alde ez dela BCCren egoitza eraikitzeko leku aproposena: “Berdeguneak kenduko dira leku urbano batean, hori zeharo kontraesankorra da. Gainera, auzotarrengan eragin negatiboa izango du halako eraikin batek, batez ere, auzotarren iritzia ez delako aintzat hartu. Dena dela, larriena da lursail publiko bat enpresa pribatu bati emango zaiola”.
PPko Borja Corominas bozeramaileak, ezer baino lehen, aitortu du hasiera batean plan bereziaren alde agertu zirela. Horregatik, iritzia aldatzeko arrazoiak eman behar izan ditu. “Aldeko jarrera erakutsi bezain pronto zalantzak piztu zitzaizkigun. “Erabaki politiko batek horrelako kontrakotasuna badu auzotarren partetik, justua da onartzea okertu garela. Bestalde, horrelako proiektu bat jasangarria izan behar da, sozialki eta ekonomikoki, eta ez da honen kasua. Grosen jarri beharrean, Herreran jartzea egokiagoa iruditzen zaigu”, azaldu du Corominasek.
Reyes Carrere EH Bilduko bozeramaileak, berriz, “albiste txartzat” hartu du gaur onarturikoa: “Udal gobernuak ez ditu gauzak ondo egin. BCCren egoitza Manteon jartzearekin tematu dira, alternatibarik aztertu gabe. Ez dugu jarrera hori ulertzen. Kokapena erabakitzeko partaidetza bat egitea beharrezkoa zen. Bestalde, txosten juridikoa anbiguo samarra iruditu zaigu. Batez ere, Plan Orokorrak aurreikusten dituen gazteentzako eta adinekoentzako etxebizitzen inguruko informazio zehatzik ematen ez duelako”.
Viktoria Eugenia eredu
EAJren udal taldearen izenean Jon Insausti bozeramaileak ere hitz egin du. Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikina Viktoria Eugenia antzokiarekin alderatu du, “antzekotasunak daudelako”. Izan ere, duela 100 urte Viktoria Eugenia eraikina antzoki bihurtzea erabaki zenean kontrako plataforma bat sortu zelako. “Kontrako arrazoiak hauek izan ziren: han zeuden zuhaitzak moztu behar zirela, zertarako bigarren antzoki bat Antzoki Zaharra izanda, eta antzokia esku pribatuetan eroriko zela”, azaldu du Insaustik.
Ehun urte beranduago, eraikina hiriaren “ondarea eta ikurra” dela nabarmendu du Insaustik: “Are gehiago, euskal programazioaren plaza eta ikurra da, eta ez da esku pribatuetan erori”. Hori dela eta, GOe eraikina egitearen alde egin du: “Duela 100 urteko gobernuak egin zuen moduan, etorkizunari begira jarri behar gara orainean”. Viktoria Eugenia antzokiarekin batera, San Telmo museoa ere adibide gisa jarri du. “Duela hamabost urte, berritu zenean, herritar asko kontra agertu ziren Urgull mendiaren magalean egin behar zirelako lanak. Aldiz, egun inork ez du zalantzan jartzen hiriari egin dion ekarpena”.