"Bilintx karlista balitz, mundu osoak ezagutuko luke"
“Liburu hau Jesus Egigurenek Indalezio Bizkarrondo Bilintxekiko duen miresmenaren ondorio da, eta, kasik neurri berean, liberalismo gipuzkoarrarekiko duen maitasunarena”, azaldu du Felipe Juaristi poetak Bilintx. Una historia de San Sebastian eleberriaren aurkezpenean. Egigurenek aurkeztu zuen atzo, Mario Onandia fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, gazteleraz argitaratutako lana.
Zer zen Donostia XIX. mendean. “Galdera horri erantzuna eman asmo du Egigurenek, Baroja, Manterola, Galfarsoro, Mandasko dukea, eta beste hainbat pertsonaietara hurbilduz”, azaldu du Juaristik. Fikzioaren alde egindako apustua dago atzean: “Ez dakigu nolakoa zen Bilintx, baina Egigurenek berreraikitakoa sinetsi dezakegu”.
Egigurenek uste duenez, kontatzen zaigun Bilintx “ez da benetakoa”. Kontatzen zaiguna, “itsusi, desitxuratu eta zoritxarrekoa” da, berak imajinatzen duenez, ez zuen zertan horrela izan: “Emakumeekin zuen harremana ez zen kontatzen zaiguna, ziurrenik denak zituen atzetik, idazten zuenagatik”.
Edonola, bere bizitza pertsonalaz gain, politikoa da axola zaiona Egigureni: “Gipuzkoako tradizio liberalaren ordezkaria zen Bilintx, asaktasunaren boluntarioa zen. Batzuentzat soilik karlismoa eta nazionalismoa zegoen arren”. Eleberrian aipatzen diren liberalak gaztetan progresistak ziren, zahartzaroan, “oso eskuinekoak” bihurtu ziren arren.
“Nire bokazio politikoak eragin handia izan du liburuan”, aitortu du Egigurenek: “Existitzen ez den herri baten historia kontatu digute, eta nik buelta eman nahi izan diot”. Egigurenen ustetan, karlismoaren aldeko ikuspuntua nagusitu da gure herrian, eta egun ere hala omen da. Horregatik da beharrezkoa “Bilintx ezagutarazi eta berrirakurtzea”. Egigurenen ustez, “Bilintx karlista balitz, eta liberalek hil izan balute, mundu guztiak ezagutuko luke, eta ez luke izango gaur egun duen kale ziztrin hori”.
Egigurenen ustez, “historia fartsa” bat irakasten da, eta jendeak, historia beharrean, “istoriotxoak” ezagutzen ditu. “Inor ez da ausartzen karlismoari buruz gaizki hitz egitera gaur egun”.