Euskarazko hedabideetan publizitate instituzional gehiago jartzearen alde agertu da udalbatza
EH Bilduk aurkezturiko mozioa EAJk eta Elkarrekin Donostiak babestu dute. Aldiz, aurka bozkatu dute PSE-EEk eta PPk.
Martxoko osoko bilkuran Donostiako Udalak euskarazko hedabideetan jartzen den publizitate instituzionala izan dute hizpide. Izan ere, gaztelaniazko hedabideetan askoz ere publizitate instituzional gehiago jartzen du udalak. Hori dela eta, EH Bilduk mozio bat aurkeztu du euskarazko hedabideetan publizitate eta komunikazio kanpaina instituzional gehiago kontratatzeari buruzkoa.
“Euskararen biziberritzeak eta berreuskalduntzeak bultzada hori behar dute”, adierazi du Zigor Etxeberria EH Bilduko zinegotziak. Horrekin batera, eskaera bat egin dio udal gobernuari: Hedabide Agentziaren orain arteko kontratazio jarduera aldatzea, “aurten, gutxienez, bikoiztu dezan euskarazko hedabideetan jarriko duen publizitate kopuruaren ehunekoa”.
Aspaldiko eskaera
2020ko urrian, EH Bilduk iradokizun bat egin zion udal gobernuari Donostiako Udalaren publizitate instituzionala gutxienez erdarazko hedabideetan adina kontratatu dezan euskarazkoetan. Gainera, udalak taldeak proposatu zuten neurri hori indarrean jartzea iradokizuna aurkeztu eta hurrengo hilabetetik aurrera, horretarako komunikazio sailaren protokoloetan txertatuta.
Juan Ramon Viles Gobernantzako zinegotziak eta Jon Insausti Euskara zinegotziak proposamena aintzat hartuko zutela gogoratu du EH Bilduk. “Adierazi ziguten udal gobernuak zehaztua zuela, iazko abuztuan, Hedabide Agentziaren kontratua berritzeko baldintza teknikoen agirian udalak martxan jarriko duen edozein komunikazio kanpaina euskarazko hedabideetan ere sartzeko beharra”, azaldu du Etxeburuak.
Aurten, iaz bezala, EH Bilduk galdetu egin die zinegotziei eta alkateari haien mendeko udal sailetan kontratatutako publizitatearen inguruan. “Jasotako erantzunak aztertuta, argi ikusten da udal gobernuak jarraitzen duela publizitate instituzionala nagusiki erdal hedabideetan kontratatzen”, esan du Etxeburuak.
Udal gobernuak 903.282,78 euro erabili zituen iaz publizitate eta komunikazio kanpaina instituzionaletan, 2021ean baino %45 gehiago. “Edonola, %7,6 besterik ez du kontratatu euskarazko hedabideetan; 2021ean baino 1,17 puntu gehiago”. Era berean, Hedabide Agentziak euskarazko hedabideetan egin duen publizitate eta komunikazio kanpainengatiko gastua erabilitakoaren “%12,84 besterik ez da izan”; 2021ekoaren antzeko proportzioa.
“Turismo sailak 224.884,59 eurotik 5.822,76 euro besterik ez ditu erabili euskarazko hedabideetan. Donostia Sustapena izan da publizitatean hirugarren gastu handiena egin duen udal saila (126.115 euro), baina 2021ean bezala, ez du kontratatu publizitaterik euskarazko hedabideetan. Donostia Kirola erakundeak apaldu egin du euskarazko hedabideetan kontratatu duen publizitatearen kopurua: gastuaren 2021eko % 9,2tik %5era pasatu da 2022an”, adierazi du Etxeburuak.
Udal gobernuak euskarazko hedabideetan kontratatutako publizitatearen %86,5 Hedabide Agentziaren bidez egin zuen iaz –2021ean baino 11,5 puntu gehiago–. Bestalde, bikoiztu egin du euskarazko hedabideetan egin duen publizitate eta komunikazio kanpainengatiko gastua; “hori bai, ez proportzioan, kopuru absolututan baizik: guztira, 68.628,1 euro”.
Etxeburuak gaineratu duenez, Hedabide Agentzia erabiltzen ez duten udal sailek ia ez dute euskarazko hedabideetan kontratatu: “Alde horretatik, nabarmentzekoa da, praktikan, Donostia Sustapenak eta Turismo Sailak beren mezuen informazioa ukatzen dietela euskarazko hedabideak jarraitzen dituzten donostiarrei eta gipuzkoarrei”.