Donostia, 'corazón'

Ez dakit zuek, baina nik kanpainaurrea debekatuko nuke. Hauteskundeak sorpresaz antolatu: “Bihar dira hauteskundeak! Asteartea bada, asteartez, eta osteguna bada, ba, ostegunez”. Bakoitzak bozkatu dezala nahi duena, azken urteetan egindako lana baloratuz, edo tradizioagatik, edo besteek irabazi ez dezaten; baina inork ez dezala bozkatu azken hil luze eta gogaikarriotan esaten diren gezurrengatik.
Erakundeek diru publikoarekin egiten dituzten kanpainak aurreztuko ditugu, hiria faltsutzen duten klixe eta eslogan etsigarririk gabe. Eta, honela, hasi gaitezke berriro ere hitz egiten beste hiriaren itzaleko alde horretaz. Adibidez, lore ederrez inguratuta dagoen eraikin honetan hil zela Telefonicak azpikontratatu zuen azpikontrata bateko langile bat joan den urtarrilean.
Miseria nork gobernatuko duen erabakitzea baino puskaz garrantzitsuagoa zait miseria hori bera salatzea.