Donostiako delituen kopurua %15 igo da 2022an
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak iaz baino %18,47 atxiloketa gehiago egin zituzten hirian.
Donostiako Udalak agerraldia egin du 2022an izandako delituen balantzea aurkezteko. Aurrez segurtasun mahaiaren bilera egin dute udaletxean udaleko eta Eusko Jaurlaritzako, Udaltzaingoko eta Ertzaintzako ordezkariek. Euskadiko eta Donostiako delituen datuak, berriz, Martin Ibabe Hiri Segurtasun zinegotziak eta Rodrigo Gartzia Segurtasun sailburuordeak eman dituzte.
Aurkezturiko datuetatik, Ibabek eta Gartziak nabarmendu dute 2022an Donostia izan zela delituak gutxien handitu ziren euskal hiriburua. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak dituzten datuen arabera, 14.594 delitu gertatu ziren, hau da, 2021an baino %14,86 gehiago –2021ean 12.705 delitu gertatu ziren–. Gainerako hiriburuen datuei erreparatuta, Gasteizen delituak %19,97 handitu ziren, eta Bilbon, aldiz, %28,79.
Donostian izandako delituen handitzearekin batera atxilotuen (2.116) eta ikertuen (2.836) kopuruaren handitzea gertatu da. Eta zehatzago esanda, %18,72 handitu da atxilotuen zein ikertuen kopurua 2021. urtearekin alderatuta. “Datu horiek erakusten dute bi polizien lana eraginkorra eta koordinatua izan zela”, esan du Ibabek. Era berean, delitu mota bakoitzeko datuek eta izandako atxiloketek Ertzaintzak eta Udaltzaingoak “egindako lan ona” berresten dutela gaineratu du. Horiek horrela, bi poliziek konpromisoa adierazi dute elkarlanean patruilatzen jarraitzeko, autoz zein oinez, donostiarren beharrei erantzuteko eta urte osoan egiten diren prebentzio dispositiboekin jarraitzeko.
Erdialdea eta Parte Zaharra
Delitu gehien izan zuten auzoen inguruan galdeginda, Ibabek adierazi du Erdialdean eta Parte Zaharrean gertatu zirela; “aisialdi gune gehienak han daudelako”. Egiako bizilagunek segurtasun faltagatik egindako salaketen harira, berriz, Ibabek esan du Egiako delituen kopurua nabarmen igo dela, eta ez dela pertzepzio soil bat. Udaleko iturrien arabera, delituen igoera %29,5ekoa da, delitu guztien %8,2. “Egunero gaude auzoan, gure presentzia nabari da. Bizilagunekin hitz egin dugu, eta eurek ikusten dute egunero dagoela Udaltzaingoa eta Ertzaintza auzoan. Gure plan estrategikoetan lehentasunetako bat da Egiako segurtasuna hobetzea”, azaldu du Ibabek.
Goizean egindako segurtasun mahaian Egiako kasua aztertu dute, eta zinegotziak aurreratu du plangintza bat lantzen ari direla. “Gure lana delituak gutxitzea da, eta lan hori poliziala da. Dena dela, Egian landu beharreko beste alor batzuk daude. Hala nola, judiziala eta soziala. Gure asmoa da presentzia poliziala areagotzea, baina polizia ez bisualaren bidez. Hau da herritarrez jantzitako poliziekin indartuko dugu auzoaren segurtasuna”, nabarmendu du Ibabek.
Ondarearen aurkako delituak
Azken urteetan bezala, Donostian gertatu ziren delitu mota kopuru handiena ondarearen aurkakoak izan ziren. Guztira 11.020 delitu gertatu ziren, iaz baino %11,49 gehiago. 2022an gertaturiko delituen kopuru orokorrari begiratzen badiogu, mota honetako delituak gertatutakoen %75,51 dira.
Poliziek 5.144 lapurreta salaketa jaso zituzten (iaz baino %17,18 gehiago), eta guztira Donostian gertatzen diren delituen %35,24 dira. Horiek horrela, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak 419 pertsona atxilotu zituzten, iaz baino %36 gehiago. Iruzurrak lapurreten antzeko erritmoan hazi ziren, batez ere, Internet bidez gertaturiko iruzurrengatik. Guztira, 2.167 iruzur salaketa jaso zituzten poliziek (iaz baino %15,20 gehiago), eta 26 pertsonak atxilotuak izan ziren, iaz baino %116 gehiago.
Gauzetan indarkeria erabiliz egindako lapurretei eta pertsonen aurkako indarkeria edo larderia erabiliz egindako lapurretei buruz, segidako datuak nabarmendu dituzte: etxebizitzetan gertatutako lapurretak %4,12 handitu dira; garajeetan eta ganbaretan gertatutakoak %16,74 gutxitu dira; enpresetan gertatutakoak %78,95 gutxitu dira; eta aldiz, saltokietan gertatutakoak %15,40 handitu dira. Delitu hauek egiteagatik atxilotutako pertsona kopurua, berriz, %1,39 handitu zen.
Pertsonen aurkako delituak
Donostian erailketa bat gertatu zen 2022an. Okendo plazan gertatu zen Eguberri egunean. 24 urteko gazte bat labankadaz hil zuten. Hiru pertsona atxilotuak izan ziren gertaera izan eta minutu gutxitara, Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren elkarlanari esker. Halaber, hamabost erailketa saiakera gertatu ziren, iaz baino bi gutxiago, eta hamabi pertsona atxilotuak izan ziren delitu mota hau egiteagatik, hau da, iaz baino %7,14 gehiago.
Bestalde, sexu erasoen kopuruan aldaketa garrantzitsua izan da 2021.urtearekin konparatuta. Izan ere, delitu mota honetan sexu erasoa eta abusua ezberdintzen ziren, baina Sexu Askatasunaren Berme Integralaren 10/2022 Lege Organikoa indarrean sartzearekin batera, sexu erasoak eta abusuak delitu bera izango balira bezala kontatzen hasi dira. Horiek horrela, Donostian sexu erasoen 41 salaketa egin ziren, eta, guztira, hamalau pertsona atxilotu zituzten, eta beste hamalauren gaineko ikerketa zabaldu zen. Zehazki, %29 igo da sexu erasoen kopurua, 2019ko datuekin alderatuta.
Pertsonen aurkako delituak hirian gertatzen diren delituen %8,53 dira. 2022. urtean 1.245 salaketa jaso ziren mota honetako delituengatik, iaz baino %20 gehiago.
Segurtasun kolektiboaren aurkako delituak
Bestalde, Donostian gertatutako 14.594 delituetatik 666 –hau da, izandako delituen %4,56 – segurtasun kolektiboaren aurkakoak izan ziren. Besteak beste, mota honetako delituak dira osasun publikoaren aurkakoak (droga trafikoa) eta alkoholaren, drogen eta beste hainbat substantzien menpe gidatzeagatik egindakoak.
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak garatutako prebentzio dispositiboei esker, 92 pertsona atxilotuak izan ziren 99 osasun publikoaren aurkako delituak egiteagatik (droga trafikoa). Delitu mota hau %32 handitu da, eta atxiloketak aldiz %46.
Era berean, 2022an 398 salaketa jarri ziren alkoholaren, drogen eta beste hainbat substantziaren eraginpean gidatzeagatik (%43,68 gehiago), eta guztira 30 pertsona atxilotuak izan ziren (iazko kopuruaren bikoitza) eta 304 ikerketapean daude (%106,8 gehiago).