Lorategi hirian loratua eta zimeldua
Loiolako gaztetxearen atea eta sarrerako hormak soilik diraute zutik. Ez da denbora askorako izango. 2005ean okupatu zuten eraikinean kontzertu eta jarduera ugari egin zituzten 2013ra arte. Ondare hura desagertzear da.
Loiolako Gazte Asanbladako logoa oraindik presente dago auzoko gaztetxea izan zenaren atean. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Hondeamakinak lanean eta mugitutako lurren hondakinak baino ez dira ikusten atearen bestaldean. Loiolako eta hiriko gazteek ilusioz hartu zuten gaztetxea, eta horren arrasto gutxi batzuk geratzen dira. Urtarrilean hasi zituzten Loiolako Lorategi Hiria urbanizatzeko lanak, eta gutxira eraitsi zuten gaztetxe izandakoaren eraikina. Hain zuzen ere, makinek gaztetxea zegoen zabalgunea erabat birrindu dute, udalak leku horretan etxebizitzak eraikiko dituelako.
Loiolako gaztetxe bihurtu zen eraikina Lorategi Hirian zegoen. 2005eko maiatzaren 20an okupatu eta hilabete inguru beranduago loratu zuten: ekainaren 25ean. Markel Ormazabalek gertutik bizi izan zuen gaztetxearen sorrera, eta testuingurua azaltzea garrantzitsua dela dio: «Batetik, auzoan urteak zeramatzaten gaztetxe edo lokal autogestionatu baten aldeko dinamikarekin. Batez ere, 2004ko irailean egungo Latsarien plazan zegoen Gazte Lokala eraitsi zutenetik. Bestetik, 2004ko irailean ere Zuloaga hustu ondotik Donostian okupazioaren aldeko giroa sortu zen. Tartean, Egiako Ametsenea jaio zen 2005eko otsailaren 11n».
Auzolana
Gaztetxea auzolanean txukundu eta egokitu zuten. Izan ere, eraikinak ez zuen teilaturik. «Euskal Herriko lehen gaztetxe deskapotablea» izan zela dio Ormazabalek. Gazte asanbladako kideak berehala hasi ziren musika tresnen ikastaroak eskaintzen –gitarra, baxua eta perkusioa–. Baita ere, hitzaldiak eta kontzertuak antolatzen. Ormazabalek AHTaren aurkako taldeak antolaturiko Urumea: garapena ala txikizioa? eguna gogoratu du. Era berean, Reyerta fanzinea Loiolako gaztetxean sortu zela nabarmendu du.
Kontzertu gogoangarriak
Euskal Herriko musika talde askok jo zuten Loiolako gaztetxean. Esaterako, 2007an Su Ta Gar heavy metal taldeak emandakoa ahaztezina izan zen. Batez ere, eraikina behera etorriko zela pentsatu zutelako askok. Ibilbide luzekoek ez ezik, bidea egin nahian zeuden taldeen plaza ere izan zen. Besteak beste, Donostiako Piratei esker. 2007an bertan, Piraten Musika Lehiaketa antolatu zuten, eta finalerdietako zein finaleko kontzertuak gaztetxean egin zituzten. Xikinkei, Instep eta Supertrooper aritu ziren finalean, eta Instep oiartzuarrek irabazi zuten.
Urtezahar gauak ere bereziak izan ziren Loiolako gaztetxean. Asier Mendizabal Nokonok hiru bat urtez antolatu zuen Punkilloia festa. «Hauxe zen menua: bideo musikalak, karaokea, kontzertuak, piroteknia eta goizean goiz baratxuri zopa», azaldu du Mendizabalek berak.
2007ko iraila eta urria bitartean «sekulako sarekada» izan zen Donostian. «Loiolan sekulako sarraskia egin zuten, gaztetxearen bueltan ibiltzen zen jende ugari atxilotu zutelako Esango nuke orduz geroztik auzoak eta gaztetxeak ez zutela burua altxa», adierazi du Ormazabalek.
Auzoko eta inguruetako beste eragile batzuk gaztetxea bizirik mantentzeko jarduerak antolatzen hasi ziren. Adibidez, Egiako Ttan Ttakun irrati libreak Musika Zine Kluba egin zuen 2008 eta 2009 urteen artean; hamar bat film proiektatu eta solasaldiak egin zituzten.
Azkenik, 2013an gaztetxearen zortzigarren urteurrena ospatu zuten, eta ordutik aurrera zimeltzen hasi zen eraikina, erabat hustu eta utzi zen arte. Gaztetxearen ate laranja botatzean desagertuko da.





