"Alkate naizenean egun bat izendatuko dut donostiar guztiei entzuteko, bai udaletxean eta baita auzoetan ere"
Marisol Garmendia PSE-EEren Donostiako alkategaiak hauteskunde bulegoa ireki du Amara Berrin, Madril hiribidean. Asteazkenero han izango dela iragarri du, “Amarako bizilagunei eta donostiar guztiei entzuteko eta beraien kezkak aintzat hartzeko. Alkate naizenean ere berdin egingo dut. Egun bat izendatuko dut donostiar guztiei entzuteko udaletxean eta baita auzoetan ere”. Donostiarrei entzutea funtsezkoa dela nabarmendu du: “Donostiarrei entzutea oso garrantzitsua da, eta ez entzungor egitea, beste batzuek egiten duten moduan”.
Urtarriletik herritarren proposamenak eta planteamenduak biltzen dabil Garmendia, eta azaldu du erabilgarri izan direla hauteskunde programa prestatzeko. «Oso pozik gaude herritarren erantzunarekin, hiriaren egoerari buruzko ideiak, kezkak eta kexak helarazi dizkigutelako», adierazi du Garmendiak. Bildutako informazioa kontuan hartuta, segurtasuna eta trafikoa dira herritarren kezka nagusiak, baina badira beste gai batzuk ere: etxebizitza, garbitasuna, auzoak mantentzea, berdegune gehiago izateko beharra, bizikleten erabiltzaileen portaera edo igogailu publiko gehiagoren beharra.
Herritarren parte-hartze prozesu horretan, hain zuzen ere, Amaratik iritsi zaie ekarpen gehien, eta ondoren, Intxaurrondo, Gros, Egia eta Altzatik.