Behin betiko onartu dute Loiolako Lorategi Hiria eraldatzeko proiektua
Tokiko Gobernu Batzarrak behin betiko onartu du Loiolako Lorategi Hiria urbanizatzeko proiektua. Hirigintzako zinegotzi Nekane Arzallusek nabarmendu duenez, “azken izapidea da inguru horretan lanak hasi ahal izateko”. Halere, lanen enpresa sustatzaile nagusia hasi da aldez aurretik lanak egiten, etxebizitzak lehenbailehen eraikitzen hasteko.
Lorategi Hiria 66.896 metro koadroko eremua da. Bertan 264 etxebizitza berri eraikiko dira (% 40 babestuak), eta 6.000 metro koadro hirugarren sektoreko erabileretarako, ekipamenduetarako, kirol kantxetarako eta aparkaleku baterako erabiliko dira. Gainera, azaleraren % 42 berdeguneetarako izango da. Bide berriak ere sortuko dira, gunea ingurunearekin lotzen laguntzeko. Proiektuaren aurrekontua 16.846.619 eurokoa da.
Etxebizitza berrien eraikuntzaren bidez Loiola eta Loiolako Erribera “hobeto” lotuko dira, eta Hiri Lorategiaren eremuan kirol instalazio eta espazio berde berriak kokatuko dituzte. Ibaiaren kontra dauden eraikuntza batzuk eraitsiko badituzte ere, Hiri Lorategiko etxebizitzak mantenduko dituzte. Izan ere, Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia aldatu zuen udalak martxoan, eta Hiri Lorategiko etxe-multzoa babestutako eraikinen katalogoaren barruan kokatu zuten.