Lucia Lacarrak 'In the still of the night' ikuskizun sariduna aurkeztuko du Kursaalen
Dantzariak emakumezko interprete onenaren Max saria eskuratu zuen iaz lan honengatik. Ekainaren 3an ikusi ahal izango da Kursaal auditorioan.
The Five Satins taldearen In The Still Of The Night (1956) abestiari zor dio izena ikuskizunak. Hamarkada hartako atmosferak ekoizpen osoa biltzen du. Antzezlanak errealitatea eta protagonistaren oroitzapen eta ametsak nahasten ditu Eszenaz eszena, korapiloa askatzen joango da gau hartako iluntasunean gertatutakoaren misterioa argitu arte.
Dantzak eta ikuspegi zinematografikoak bat egiten dute maitasun istorio honetan. Obrak irauten duen hirurogei minutuetan, soinu-bandak garai horretara eramango du ikuslea, Ipar Amerikako musikaren arrakasta handiei esker: The Ronettesen Be My Baby (1963), The Righteous Brothersen Unchained Melody (1965) eta Ben E. King & The Driftersen This magic moment (1959).
Dantzako emakumezko interpreterik onenaren Max saria eskuratu du Lucia Lacarrak lan honengatik.